Hasteko, ikuspuntu batzuk azaldu nahi ditugu Arrasateko EH Bilduko kideok:
Lehena: norekin konparatzen dugun, lan ona egiten dugu eta emaitzak ere oso onak dira; adibidez, Donostiaren emaitzekin konparaketa egiten dugunean txapeldunak gara, baina, gure ohiko emaitzekin, ba, ez dira hain onak. Gogorarazi nahi dugu 2016ko martxoan emaitza %81 izan zela, gaur egungoa baino hiru puntu handiagoa, iraganean hobeto lan egin dugun seinale.
Bigarrena: Gipuzkoako emaitzak oso kaskarrak dira, %48 inguru; horrek zer esan nahi du? Ikusita Gipuzkoako herri gehienetan nola kudeatzen dituzten –EAJ eta PSE– herri hondakinak, oso nabarmena da erraustegiaren alde daudela. Hemengo emaitzak onak direla esaten badute, beste herri batzuetan zergatik ez dute gure sistema jartzen? Lander Arregik, Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Batzordeko presidenteak, esaten badu gure sistema eredugarria dela, zergatik ez dute eramaten Gipuzkoan falta diren herrietara?
Hirugarrena: emaitza onen beherakada hori defendatzeko, beste argudio bat erabiltzen dute: sortzen dugun hondakin kopurua igo egin dela! Bai! Egia da, baina horrek ez du zerikusirik kudeaketarekin, kudeaketa ondo egiten badugu bakarrik aldatuko baita hondakin kantitate osoa, ez birziklapenaren emaitzak. Nahasmendu hori eragiteak 2015eko hondakinen inguruko egia erdiak esatearen estrategiarekin antz apur bat badu.
Bukatzeko, guretzat, garrantzitsuena birziklatze emaitza da. Horregatik, asko kezkatzen gaitu datuen jaitsierak. Maria Ubarretxenak gidatzen duen Udal Gobernuari planteatu diogu hainbatetan Hondakinen Mahaia berriz martxan jartzeko, orain arte egin den lan ona alferrik ez galtzeko.
----------
Piter Encinas
Arrasateko EH Bilduren izenean
Arrasate