Zedro hau ez da Euskal Herriko landare autoktonoa, ez dauka 45 metroko altuera Monterrongo sekuoiak bezala, baina, hala ere, errespetua merezi duela pentsatzen dugu.
Garapenaren aitzakian hirigintzako proiektuek aurrera egin izan dute gure begien aurrean, inork betaurreko berdeekin begiratzeko aukerarik eman gabe. Badirudi eraberritze proiektuek ezin dutela kontserbatu aurretik tokian bertan egon den zerbait; are gutxiago, zuhaitz soil bat baldin bada. Obra bukatutakoan, beste zuhaitz gazte eta mehe bat landatuko dute, kasurik onenean, edo, beharbada, porlanez estaliko dute eremua, mantenimendu arazorik eman ez dezan. Kasu gehienetan, are berde gutxiago izango dugu herrian.
Baina guk pentsatzen duguna baino balio handiagoa daukate gure herriguneko zuhaitz, belar edota goroldioek, baita erreka bazterretako sastrakek ere. Bioaniztasuna aberasten laguntzen dute, paisaia urbanoa berdeago bihurtzen laguntzen dute –gauza ezinbestekoa denon osasunean–, faunaren babesleku dira, eta abar, eta abar. Zuhaitzek, zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta gordeleku gehiago eskaintzen dizkiete beste fauna eta flora espezieei. Zer esanik ez klima aldaketaren aurrean egiten duten karbono dioxidoaren fijazioan.
Hirigintzako proiektuetan kontu gehiago eduki behar da natur elementuak kontserbatzerakoan. Urteetako hazkuntza gutxiesten dugu hamarkadak dituen zuhaitza mozten dugunean, eta berri bategatik ordezkatu daitekeela pentsatzen dugu, eserleku bat balitz bezala. Autoekin elkarbizitza lehenesten da, baina, azken finean, naturarekin kontaktua izan gabe bizitzen ohituko gara. Bukatzeko, gogorarazi nahiko genuke errekak zaborrez garbitzearen aldekoak garela, baina ez direla, lorategiak balira bezala, eder mantendu beharreko guneak.
----------
Piter Encinas
Arrasateko EH Bilduko Udal Taldea
Arrasate