Eskerrik asko, Xanti

Iparraldeko haizeak aspaldi ekarri zauen Xanti gure auzora. Bertan berehalaxe errotu zan, haretx gogorrenak errotzen dien moruen. Niretzat iparraldeko zuhaitz haundi bat morukua zan Xanti, luzia ta zabala, bere txapel ahaztezinarekin.

Segiruan askoren maixu bihurtu zan bere poesiaren indarrarekin. Bere isilune luze eta sakonekin. Ereduaren bitartez zekixen dana erakutsiz. Umiltasunez beti.

Gero, askatasun haizeak iparralderuntz eruen zauen berriro. Eta han be eskola sortu zauen, milaka zaurien gainetik.

Beti euskal kulturaren alde.

Eta, azkenian, haretx zaharra hemengo basoetara bueltatu zan, jakindurixaz beteta.

Inoiz ez dot ahaztuko garai horretan bere onduan egindako bidaia luzia, berriz iparralderuntz, alabaren defentsan. Ordurako bizkarra apurtuta izan arren, trenaren eserleku eskasean jarri eta han egon zan, geldi gau osuan, filosofo estoikoen erara, isilik eta pentsakor.

Inoiz izan den matematikari onenak esaten zauen gure lorpen handixenak ez datozela gure merezimendutik : aurretik beste batzuek egindako lanari esker egiten diela. Erraldoien sorbaldan goiezelako lortzen dugula lortzen duguna.

Sekula ez genuke ahaztu behar Euskal Kultura oraindik bizirik badago Xanti Iparragirre Perurena moduko pertsonei esker dala. Euren bizkar gainean majo ibili garelako.

Hegoaldeko neguko haixiak orbelaren dantza infinituan eruen dau Xanti. Baso zaharretan ama haritzekin gertatzen dan moruen, ezkur eta kimu ugari utziz hil jaku.

Eskerrik asko, Xanti. Erraldoia izan zara.

----------

Pedro Lasagabaster Armendariz

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak