Biek ala biek, EAJk eta EH Bilduk, aspaldi zekiten proiektu honen berri, beraiek onartu bezala, duela hilabete asko proiektua aurkeztu duen enpresan izan baitziren eta lehen eskuko informazioa jaso baitzuten. Ondoren, EAJ agintean duen Jaurlaritzak, Sprilur erakundearen bitartez, Bergarako Larramendi industrialdeko lurrak eskaini zizkion enpresari. EH Bildu agintean duen Bergarako Udalak, berriz, Hirigintza bateragarritasun ziurtagiria eman zion proiektuari, nahiz eta enpresak ziurtagiria eskuratzeko behar den proiektua ez zuen aurkeztu ere egin.
Hori dena isilpean mantendu dute irailera arte, eta orduan, Gorka Artola alkatea proiektua azaltzeko auzokideokin bildu zenean, beraien partetik jaso genuen mezua honakoa izan zen: ez borrokatzeko, ez zegoela ezer egiterik eta Udalak errauskailuak ahalik eta gutxien kutsatzeko eta segurua izateko neurriak hartuko zituela. Hala ere, salduta geundela ikusirik, borrokatzea erabaki genuen, eta, besteak beste, Bergarako herritarrak informatzea, ez Udalak ezta Jaurlaritzak ere ez baitute informazio argirik eman proiektuaren inguruan.
Hilabete hauen ostean, argi geratu da borrokatzea merezi duela; errauskailuaren auzia mahai gainean jarri dugu, herritarrak informatuz, eta Udalak Hirigintza bateragarritasun ziurtagiria atzera bota dezan lortuz, borroka honen presioaren ondorioz. Ze egoeratan egongo ginateke borrokatu izan ez bagina? Udalaren eta Jaurlaritzaren hasierako jarrera ikusirik, proiektuaren alegazio epea amaituta eta errauskailua eraikitzeko bidean legoke, herritarrei inongo informaziorik eman gabe.
Baina borroka ez da amaitu. Batetik, jakin dugu errauskailuaren proiektua aurrera daraman Greene enpresak alegazioa jarri duela Bergarako Udalean. Bestetik, EAJk eta PSEk bultzatutako lege berriarekin "interes orokorreko" proiektuak udalen eskumenen gainetik onartu ahalko ditu Jaurlaritzak, proiektu hauek geldiaraztea are eta gehiago zailduz. EAJk zein EH Bilduk informazioa ezkutatu digute eta proiektuak aurrera egitea ahalbidetu duten erabakiak hartu dituzte. Orain, EH Bilduk dio errauskailuaren aurka dagoela; hobe luke hitzekin baino gehiago ekintzekin erakustea, EAJrekin liskar mediatikoetan ibili beharrean. EAJk, berriz, errauskailua babesten duela erakutsi du; beraz, esan dezala argi eta garbi, bazterrak nahasten ibili beharrean.
Beste behin, ikusten dugu interes ekonomiko eta politikoak guztion osasunaren gainetik daudela sistema honetan, eta instituzio publikoak interes horiek babestera bideratuta daudela. Beraz, guk gure bidean jarraituko dugu, errauskailua geratu eta ezkutatzen diguten egia guztia argitara atera arte. Bukatzeko, gai honekin arduratuta zaudeten herritar eta eragile orori borrokara batzeko gonbita egin nahi dizuet, baita Bergaraz kanpokoei ere, bailara osoan izango baitu eragina. Errauskailua ez hemen, ez inon!
----------
Paul Aznal Larrañaga
Bergara