Liskarra oñatiarren eta bergararren artean

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Larrañaga 2026ko martxoaren 3a

Arkabuzo-eskopetariak (Melchior Feselen margolariaren Batella de Alesia, 1533).

Kontakizunarekin hasi aurretik, komeni da Erdi Aroko borrokarako joera eta agresibitatea azpimarratzea, gizartea zein girotan mugitzen zen konturatzeko. Erdi Aroko gizona, eta, bereziki noblea, biolentziaren bueltan bizi zen. Haren existentzia gerraren eta harrapaketaren artean oinarritzen zen; haren aisia ehiza eta txapelketak ziren. Merkataritza eta pirateria nahastu egiten ziren, Juan Madariaga Orbeak egindako Historia social de Bergara en su época preindustrial azterlanean ezin hobeto adierazten denez.

Puntua aldizkariaren 489. zenbakiko Beste artxiboa atal berrian argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Dantza antolatzeko arazoak

Hori esanda, goazen harira. 1642an, San Prudentzio zaindariaren jaia ospatzen zebiltzan Elorregi auzoan, santuaren ermitako belardian, ohitura zen moduan. Urte hartan ezin izan zuten danbolinik lortu eta musika gaitaz jo zuten. Dirudienez, oñatiarren eta bergararren artean "liskar handia" sortu zen, ez zirelako ados jartzen festako dantza nork gidatu behar zuen. Kontua ez zen batere berria, antzinatik ere gatazkak sortzen zirelako. Hain zuzen, bi urte lehenago, Oñatiko elizgizon-ikasle batek, Juan de Zelaya izenekoak, harro-harro jardun zuen erromerian, eta Bergarakoek ez zioten barkatu; beraz, mendekua hartzeko zain zeuden.

Oñatiarrek ezin zuten dantzaren korroa zuzendu, Bergarakoek eragotzi egiten zietelako; hortaz, eurena antolatzea erabaki zuten. Hori iraingarritzat hartu zuten bergararrek, eta txinparta gisa balio izan zuen; liskarrak sortzea ekarri zuen. Lekuko bergarar baten adierazpenen arabera, "Oñatikoei ahalik eta kalte gehien egiten saiatuz" abiatu ziren bergararrak. Justiziak, liskar haien ondoren, pistola bat, sei eskopeta eta ezin konta ahala ezpata biltzea lortu zuen, baina jakina da beste makila mordo bat eta liskarren ostean desagertu ziren beste arkabuz batzuk ere erabiliak izan zirela.

Ezpata-borroka baten ilustrazioa.

Bularrean tiro Badirudi

Bergaratik liskarra zuzentzen zutenak Joan Perez de Bereceybar –Erlea, ezizenez– eta On Diego de Ozaeta izan zirela. Urte hartan "ura bere bidetik atera zen", eta ez zen modurik izan liskarra kontrolatzeko. Hori dela eta, nahiko larri zauritu ziren Gabriel de Sagasta Arrasateko bizilaguna eta Joan Bautista de Verganço Oñatikoa, baina okerrena Ozaetak Oñatikoen aurka buru-belarri jardun zuenean gertatu zen: oñatiar batek, Elortondoko Gabonek –Gabontxo–, eskopeta bat atera eta tiro egin zion bularrean, eta berehalako heriotza eragin.

Justiziak irmotasunez erantzun zuen eta heriotzazigorra ezarri zien Gabontxo-ri eta bere anaia Pedrori. Erbesteratze-zigor batzuk ere jaso zituzten inplikatutako hainbatek; eta 4 eta 10 urte bitarteko galera-zigorrak Perez de Bereceibar eta Martin de Balençategui oñatiarrek, Francisco de Aguirre kapelagileak eta Domingo de Egaña Zubillagako burdinolako ofizialak. Garrantzi txikiagoko beste zigor asko ere ezarri ziren.

Heriotza-zigorra

Hala ere, errudun izendatutako ia guztiek ihes egin zuten, eta bazuten horretarako aitzakiarik. Honela dago jasota Elortondo anaiek jaso zuten zigorra, justiziak garai hartan halako kasuetan egiten zuen gisa: "... eta bertatik (kartzelatik) ateratzen dute on Gabon de Elortondo asto baten gainean, hankak eta eskuak eztarrira espartzuzko soka batez lotuta dituela, eta ohiko kaleetatik eramaten dute pregoilari-ahotsek lagunduta, delitua herri honetako plaza publikora jakinarazi dezaten. Han, orka bat altxatuta egongo da, eta bertan urkatua izango da, harik eta hil arte, eta, ondoren, bere burua pikota altu batean sartuta jarriko da San Prudentzioko ermitaren ondoko belardian...".

Elortondoko Gabon oñatiarrak eskopeta bat atera eta tiro egin zion bularrean On Diego de Ozaetari

Bergarako Udal Artxiboan bi "ofiziozko auto" daude: lehena, Elortondoko Gabon eta Pedro eta Martin de Balanzategui oñatiarren aurkakoa, Diego de Ozaetaren heriotzagatik eta Gabriel de Sagasti eta Juan Bautista de Vergançori eragindako zauriengatik; eta, bigarrena, Bergarako kartzelako alkate San Juan de Echagoienen aurkakoa, Martin de Balanzateguiren ihesagatik.

Pikota baten errepresentazioa.

Urteak igaro ondoren, 1753an, aurretik idatzitakoa berresten duen idazki batekin egiten dugu topo. Udalaren akordio bat da, eta bertan honako hau adierazten da: "... luze hitz egin ondoren, eta kontuan hartuta jairik arriskutsuena eta zorigaiztokoena San Prudentziorena dela... Udalak erabaki zuen... ez dadila ez tabernarik ez danborrik eman...". Bergarako Udal Artxiboa, L-208-128. 

Argazkiak: Istock, 'ejercitodeflandes.blogspot.com', El Confidencial.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak