Niri ikaragarri gustatzen zait -ok erabiltzea eta -ok horren barne sentitzea. Dena dela, emakume arrazializatua izanik, behin baino gehiagotan -ok edo gu horietatik at geratzen naiz.
Batzuetan, nahiko garbi adierazten da bereizketa hori; beste batzuetan, airean geratzen den zalantza-laino bat da. Horiek dira mingarrienak; izan ere, inork –eta, askotan, nik barne– ez du ulertzen egoera horiek gizarte edo sistemaren indarkeriak direla, baizik eta nik daukadan arazo pertsonala.
Zapatuan Aramaiora joan nintzen, alaba txikiarekin batera, bilera agroekofeminista batera. Zaintza zerbitzua bazegoen, baina aldez aurretik abisatu behar zen eta nik ez nuen abisatu. Dena dela, alaba txikia gurekin egon zen bilera osoan. Ongi etorriak izan ginen biok. Alaba ez zen aspertu; interesa piztu zion hor geunden emakumeok esaten genuenak. Hitz batzuen esanahiak galdetzen zizkidan. Birritan galdetu nion ea marraztu edo irakurri gura zuen, eta ezetz, bilera interesatzen zitzaiola.
Pozik eta hunkituta irten nintzen: alde batetik, une oro taldearen parte sentitu nintzelako; eta, bestetik, alabak izan zuen bizipenagatik. Hau da, emakumeok kezkatzen gaituzten gaiez berbetan ikustea, hari taldean besteoi bezala leku bat ematea, emakume guztiek begiradaz, hitzez edota keinuz zaindu egin zutela, eta haren presentziari garrantzia ematea.
Bileraren helburu bat zen etorkizunerako alternatibak proposatzea. Bueno, nik argi ikusten dut horrelako guneak eta lan egiteko era badirela irtenbidea! Bidea luzea da, baina elkarrekin baleike!
----------
Paloma Martinez
Aretxabaleta