... lagun batek munduko pertsona orok gure baitan dugun hizkuntzaz hitz egin zidan. Norbere buruari hitz egiteko erabiltzen dugun hizkuntza horri, tripetako hizkuntza deitzen zion berak. Ama hizkuntza izan edo ondoren eskuratua izanik ere, gure tripek hizkuntza bakarrean hitz egin ohi digutela esaten zuen nire lagunak.
Hizkuntzen gaineko aurreiritzi okerrak irentsi eta elebitasunaz uste faltsuak hedatzen diren garaiotan, gogoeta ederra irudi zitzaidan, hizkuntza bakoitzari dagokion espazioa itzultzeko, tripetatik abiatzea, alegia –baina buruarekin jokatuz–.
Egunotan, tripak dantzan ibili ditugu askok. Askori tximeleten zirrara berezia bildu zaigu tripan, beste askori tripak nahastuko zitzaizkien akaso. Eta tripek agindutakoa buruarekin egitea baino ez zaigu geratzen. Tripa asko eta desberdinak garela ohartuta, baina norbere triparen hizkuntza, gogo eta bulkadari, buruak eskaintzen dion argitasuna eta pentsamendua emanez.
Batzuentzat gutxi gara, beste batzuentzat asko. Garenaren %100 baino ez gara ordea, eta errespetu bera merezi dute gure buru, tripa eta mihiek. Buru eta tripen oreka horretan, mingain bakoitzak dauka-eta bere hitza.