Belaunaldi gailendua

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vitoria 2020ko urr. 2a, 00:00

Indibidualismoa kolektiboari gailendu zaio. Kritika erraza hausnarketa pausatuari. Gutxi batzuen ongizatea guztionari. Ekonomia osasunari ere nagusitu zaio. Ikuspegi kontserbadorea aurrerakoiari. Konformismoa jarrera iraultzaileari, eztabaidatzeari, aldarrikatzeari, antolatzeari, eta ezarritakoa aldatzeko gaitasunari.

Gure belaunaldiak eskuak gurutzatzea erabaki du afera nagusietan eragin ordez. Amore ematea lege bihurtzeraino. Dena eskura eman digutela esan ohi da. Prestatuenak izanda ere, daukaguna kudeatzera mugatu garela. Ez dugu lurrikararik nahi. Unibertsitatean hasi orduko kolpatu gintuen 2008ko krisiak, bete-betean, eta oxigenoa hartzen hasi garenean eztarrian korapilatu zaigu bigarrena.

Ondorioak agerikoak dira. Norberarenak besterik ez du axola egun. Galdetuz gero, denborarik ez duela eta eguneroko zurrunbiloarekin nahikoa duela erantzungo dizu edonork. Baita nik neuk ere. Sozialki, ekonomikoki eta politikoki hausteko aukera galdu dugu, salbuespenak salbuespen, gizakiok berezkoa dugun sen eraldatzaileari uko eginez. Eta urteetan askoren izerdiz lortutakoa galtzeko arriskuan jar dezakegu esku hartu ezean.

Gure guraso eta aitona-amonen borroka, mobilizazio eta aldarrikapenengatik ez balitz, ez geundeke gaurko egoeran. Ez genituzke ditugun eskubideak. Berriki pentsiodunen mugimenduak utzi dizkigu buruan iltzatzeko irakaspenak. Beraien etorkizunagatik ez ezik, gureagatik ere ari direlako borrokan.

Lurra jotzea izaten da sarritan etsipen giroa iraultzeko bide bakarra. Agian, horregatik begiratzen diegu irakasle, metaleko langile edo garbitzaileen greba orokorrei zezenak balira bezala, bazterretik. Agian, horregatik irensten ditugu saldu nahi dizkiguten bertsio ofizialak murtxikatu eta glup egin gabe. Agian, horregatik iruditzen zaizkigu Patria moduko telesailak hamarkadetako gatazka politiko poliedriko baten adierazle bakar. Agian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak