"Vitoria? Nolatan ba hiri izen bat abizen gisa? Eta Gartzia? Nola da posible euskal abizen bat Espainiako erabiliena izatea? Nondik dator Gallastegi?". Ohikoa da noiz edo noiz, bazkariren batean edo, era horretako hartu-emanak izatea aitona-amonekin. Baina zer diren gauzak. Ocho apellidos vascos film arrakastatsuaren olatuak eztabaidaren muina iraultzea ere lortu du.
Orain kontua ez da hainbeste abizenak batenak edo bestearenak diren. Horien jatorriak axola du: euskaldunak diren edo ez. Mugakideek euskal herritarrekiko duten pertzepzioa ere aldatu da: gutaz ahazteko zorian egotetik umorista rola hartzera pasa dira. Egun batzuk igaro berri ditut atzerrian, eta beste gairik ez zen espainiarren lagun taldean. Vasco hitza entzutea aski dute, gure ustezko jarrerak imintzio, txantxa eta barre algara artean imitatzeko. Joko asko ematen omen dugu; hori bai, euskarari buruz galdetzea ez zitzaien okurritu. Kasualitatea. Baina ez gaitezen gaizki ulertu. "Dena giro onean, badaezpada". Nola ez ba? Ziurrenik, errua ez da haiena. Film txatxu batek barruraino sinetsarazi baitie euskal herritar peto-petoak izateko zortzi abizen euskaldun eduki beharko genituzkeela. Edo, behintzat, esaldi hasieran ostia eta bukaeran pues esan beharko genukeela abilidadez, edo hitz totelka. Barrez lehertzeko aitzakia perfektua, badakizue.
Garaiak ere errotik aldatu ei dira. Lehen, agenda politikoaren erdi-erdian geunden, komunikazio talde handienen miran, eta lerroburu nagusietako protagonistak ere baginen. Ez gauza onerako, ordea. Euskal agendak ez, euskal kartelerak pizten du orain espainiarren arreta. Gure mugetatik at bakarren bati interesatuko zaizkio hemengo tirabira politikoak –harena bai meritua–, baina gaur-gaurkoz gehiago saltzen du aurreiritzien labirintoan galtzeak. Pentsatzeak euskal herritar guztiok esku bakarrarekin altxa ditzakegula 300 kiloko harri koskorrak eta lehertu arte bete dezakegula sabela.
----------
Oihan Vitoria
Arrasate