Ados jartzeko istantea omen, egoskorkeria oro alboratu, interes pertsonalak nola edo hala ezkutatu, gehiengoarenak lehenetsi eta lankidetza estuan jardutekoa. Indarrak metatzeko unea: damutzeko garaia eta harro sentitzekoa; elkar besarkatzeko garaia eta banantzekoa.
Ilusioa berpiztu eta kateak hausteko momentua. Bidea urratzeko eta hari muturrak elkarren artean josteko sasoia, baina prestutasunik eza (des)erosotasunetik at bizitzeko. Askatasun egarriak jota gogoak bat-batean asetzeko unea, eta inolako presarik ez edukitzekoa. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko garaia, baina independentzia itxaron gelan zarratzeko erreparorik ez izatekoa, mirarizko terapiaren esperoan, bere txanda noiz ailegatuko.
Katalunia, Eskozia (eta Grezia) eredutzat hartzeko istantea, baina haiengana hurreratzeko pauso bakoitzeko are gehiago urruntzeko garaia. Urtero-urtero performance aberrikoi ikusgarriak atontzen abilezia erakusteko sasoia, ez horrenbeste ekintzetan egikaritzekoa. Zapaltzaileekiko jarrera leundu eta limurtzeko momentua, haiekin zorretan bageunde bezala. Eta geurea behar lukeena galdegiteko unea: hegan egitekoa, baina geure buruari hegoak ebakitzen jarraitzekoa.
Kritika (eraikitzaileak) egiteko sasoia, hitz larria nonahi sobera entzutekoa; ez, ordea, taxuzko proposamenei tokia egitekoa. Erraietara heldu nahi, eta erdibidean geratzeko istantea: dena esan nahi eta ezer ez esateko garaia, harriak bota eta jasotzekoa. Euskararen alde egoteko garaia, ez hainbeste egitekoa, eta burujabetza prozesuan bazter uztekoa. Isiltzeko garaia eta mintzatzekoa. Atzera bueltarik ez dagoela haizatzeko unea, eta kontraesanen putzuan hondoa jotzekoa kasik.
Hain ohituta gaude ukaziora, ezen keinurik ñimiñoena ere txalotzen dugun sarritan, datorren tokitik datorrela. Nago hobe joango litzaigukeela zapaltzaileen jokoari bizkar emango bagenio, eta geure neurrira eraikiko bagenitu herri honetako zubiak, amnesiaren amildegian erori ordez. Aldaketarako garaia dela, bai, baina aurrekoarekin eraistekoa ere bai: erronka berriei ekitekoa, haziak ereitekoa eta gu izatekoa. Landatzeko unea eta sustraietatik irtetekoa: arriskatzeko garaia.