Aspalditik gure egunerokotasunean dugun teknologia da IA deritzona. Bere garaian, ordenagailu edo konputagailudeitzen zitzaion. Gaur egun, IA hori datuak ordenatzeko eta antolatzeko gaitasuna duen teknologia baino ez da. Zure auzoko txinoan erositako kalkulagailua bera da inteligentzia artifiziala.
Badago saiakera bat, beldurra sartzeko, IA siglekin ente bat definitzeko; jendartea izutzeko estrategia hutsa. Baina ez dute lortuko. IA lagungarri da egunerokotasunean, gure sakelako telefonoan, gure ordenagailuan, tabletan... Egunero inguratzen gaitu IA delakoak. Autobusa hartzeko ordutegia planifikatzeko edota gure sema-alabei bideo bat Youtuben jartzeko, denetarako balio dute institutuan ikasten genituen algoritmo famatuek.
Baina IAk sekula ez du gizakia ordeztuko, ez da gerturatu ere egingo. Inteligentzia artifiziala programatzeko, gizakiaren eskua ezinbestekoa da. Norbaitek esan behar dio makinari zer egin behar duen, norbaitek erakutsi behar dio, hark datuak kalkulatu eta ordenatu ditzan. Baina inoiz ez da gai izango inor maitatzeko, ezta iritzia emateko ere.
Inteligentzia artifiziala ez da gai, bere barrenean, ezinegona adierazteko Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurrean, ez da gai Ukrainan pairatzen ari diren erasoaldiaren aurrean sentimenduak adierazteko, ez da gai erabakitzeko, ea Pirritx eta Porrotx pailazoek helduon gauza zatarrak tratatzeko haurren erabilera bidezkoa ote den edo ez eztabaidatzeko. Ez. Inteligentzia artifizialak ez daki eta ez du inoiz jakingo emozioak kudeatzen; are gehiago, maitasuna antzematen. Beraz, ez izutu.
Iruzurra da. IAk ez dizu sekula lanpostua kenduko; bai, ordea, IA ondo erabiltzen duen gizakiak. Ondorioz, ikasi, baina beldur barik.