Krisi energ(etikoa)

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vega 2023ko mar. 31a, 00:00

Joan den asteburuan Nafarroan barrena ibili naiz eta energia eolikoa sortzen duten errota erraldoi pilo bat ikusi ditut.

Ustez, haizearen energia aprobetxatzen dute elektrizitatea era jasangarrian sortzeko; ikusi nituen errota guztiak geldirik zeuden, ordea.

Nire ezjakintasunetik pentsatu nuen: kontxo! Agian, ez dabil haizerik. Baina bai, bazen haizerik. Orduan?

Kontua da energia-sortzaileek merkatuaren kuotarekin jokatzen dutela energia sortzeko orduan prezioak igotzeko. Eskaera eskaintza baino handiagoa bada, prezioak garestiagoak dira, mundu guztiak daki hori: merkatuaren legea deritzo. Negozio pribatu bat balitz, edo beharrezkoa ez den produktu bat balitz, ni lege horren aldekoa izango nintzateke. Baina kasu honetan, herri batek funtzionatzeko behar duen funtsezko baliabide bati buruz ari gara. Ez dago kontrolik agintarien eskutik? Ez dago inolako mugarik? 

Zuzenean lapurretan ari dira; gure fakturak bikoiztu egin dituzte ustezko krisi energetikoan oinarrituz, baina zifrak ez datoz bat saldu diguten kontu horrekin. Adibidez, 2022an Iberdrolak 4.300 milioi euro garbi irabazi zituen. Gure kontura! Prezioak asmatuz. Ez dago beste irakurketarik. 

Esango digute baliabide energetikoak garestiak direla, oso zaila dela ulertzea, analisi ekonomiko sakonak egin behar direla... Ez da egia! Eurek jartzen dituzte nahi dituzten prezioak eta merkatuarekin jokatzen dute; alegia, gure poltsikoekin.

Ez da etikoa. Eta, agian, ez luke legala izan beharko ere. Non daude agintariak hori guztia kontrolatzeko?

Amaitzeko, zer dela-eta ez dugu energia berriztagarri gehiago? Doan delako. Ez dute nahi. Ez dago beste azalpenik. Itsasoko olatuak, haizea, eguzkia... Zenbat eta zenbat energia galtzen dugun egunero... minuturo!

Krisi energetikoa ez da egia. Krisi energetikoa ez da etikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak