Baina interesgarria da oso Britainia Handiko historialari gazte honek esaten eta idazten dituenak irakurtzea. Jonesek esaten du, azken hiru hamarkadetan pertsona bakoitzaren jarrera indibidualistari garrantzia ematen, hainbat sektore politiko, ekonomiko eta mediatikok lortu dutela gizartearen zati handi baten talde edota klase kontzientziarekin bukatzea. Eta kontzientzia horrekin bukatu denez, berdinen artean egiten dugu gerra, ezberdintasunari aurre egin ordez.
Hori dela eta, arazo baten aurrean, langile askok beste langileei begiratzen diegu erantzukizun bila; murrizketak egiten direnean, langileok elkarri "alferrak" deitzen diogu; iruzur-sozial kasu baten aurrean, sutan jartzen gara batez ere etorkina baldin bada protagonista, baina beste iruzur kasu batzuei ez diegu jaramonik egiten… Handiegiak dirudite! Owen Jonesen pentsamenduak ez dira berriak. Baina egungo testuinguru ekonomiko-sozialean, berria –eta onuragarria– litzateke azaleko kritikak egin baino gehiago, gertatzen ari den mamira joatea. Adibidez, pentsio sistema arriskuan badago, langileok ezin dezakegu laguntza sozialak kobratzen dituzten horietan arreta jarri; ez ditut ikusten euren yate pribatutik itsasora salto egiten, bainujantzi horiarekin igelarena egiten.