Enpresentzat ezer ez da berdin izango

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Olaso 2020ko api. 15a, 00:00

Egun batetik bestera aldatu zaigu egunerokoa. Urtetan ezinezkotzat hartu ditugunak egun batetik bestera errealitate bihurtu dira: gure semealabek hiru aste daramate eskolara joan gabe eta etxetik atera gabe, hiru aste daramagu telelanaren bidez gure bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena ematen, Aste Santua gainean daukagu eta furgoneta eta autokarabana guztiak hementxe geldituko dira. Zenbat ezinezko gelditu diren bertan behera… Onerako eta txarrerako.

Eta guretzako normalak ziren espazioak aldatu dira, guztiz. Lantokiak, eskolak, zinemak, dendak. Denak itxita. Eta dena daukagu espazio bakarrean, etxean. Horrek hain banatuta ditugun momentuak eta rolak nahastea ekarri digu: momentu eta leku berean gara zaintzaile, komertzial, sukaldari, irakasle… Eguneroko errutina ia guztiak bertan behera gelditu dira eta berriak sortzen ari gara. Noski, horrek lanerako gure aukerak ere aldatu egin ditu. Eta luzaroan egoera ez dela urtarrilekoa izango badakigu.

Egoera zail, kritiko eta luze honetan ardurak eta erantzukizunak banatzeko ordua da. Hau da, pandemia honek ekarri dituen krisi ezberdinak –osasuna, zaintza, ekonomia...– denok hartu behar ditugu gure erantzukizunen artean. Eta noski, denok daukagu ardura ekonomiari eusteko eta triskantza handirik ez izateko.

Aste hauetan enpresak ere egoera berrira egokitzeko lanean gaude, buru-belarri. Enpresetan ere itxialdi honen ostean ezer ez da berdin izango. Egokitu beharko da lan egiteko modua, prebentzioa, nazioarteko garraioa… Inguru hurbilean egokitze hori nola egiten den ikusten ari gara. Batzuek hobeto dihardute, eta horretarako bi arrazoi ikusi ditut.

Enpresa batzuk, hasieratik, ekonomian daukaten erantzukizunaz kontziente izan dira eta, era berean, osasun eta zaintzaren erantzukizuna ez dute alde batera utzi. Errotuta dauden enpresak dira, inguru hurbilean ekarpen positibo bat eragin nahi dutenak. Bezeroei ahalik eta erantzun egokiena emateko bideak jartzen dituzte, baina interes talde guztiak kontuan hartuta: langileak, hornitzaileak, aliatuak, gertuko eragileak… Argi dago, bezero gabe ez dago enpresarik, eta zaindu beharreko oinarrizko taldea da. Baina langile, hornitzaile eta aliatu osasuntsu eta indartsu gabe ez dago bezeroei erantzuterik.

Bestalde, malgutasuna izan da beste aldagai garrantzitsua. Enpresa batzuek azken urteetan malguak izateko, azkar aldatzeko gaitasuna garatzeko ahalegin handiak egin dituzte. Eta egoera honetan oso nabaria izan da. Gai izan dira erabakiak azkar hartu, adostu, komunikatu eta martxan jartzeko. Baita egunetik egunera erabaki horietan aldaketak egiteko ere. Izan ere, pandemia honek enpresei ere egunero ezinezkoen kudeaketa egitea eskatu die. Eta horretarako, gerria aurrez olioztatuta izatea beharrezkoa da.

Egoera zail honetatik Debagoieneko sektore ekonomiko osoa indartsuago ateratzea nahi badugu, ikasi dugu bezeroak zaindu behar ditugula eta horiekin batera baita langile, hornitzaile eta, azken batean, herritar guztien osasuna. Ezinezkoa da lehenengoa ongi egitea, bigarrena egin gabe. Eta ikasi dugu hori egiteko industria ez dela ekonomia mugitzen duen sektore bakarra. Besarkada handi bat beraien lanlekua aspaldi itxi duten dendari, hortz klinika eta bestelako negozio guztietako langileei! Eta hau guztia lortzeko begirada irekia eta malguak izatea beharbeharrezkoa dugula ere ikasi dugu.

Zaindu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak