"Laster arte, 'Tumatxak'!"

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Olaso 2013ko aza. 19a, 01:00

Batez beste lau ordu pasatzen omen dugu egunean telebista ikusten.

Gutako batzuek lau ordutara iristeko tarte handia daukagunez, beste batzuek zenbat ordu pasatuko dituzte! 6? 8? Zenbat gauza galtzen dituzten... 

Audientzien arabera, futbola eta reality-ak dira ikusienak. Telebistan lan egiten dutenek diote audientzien diktadura izugarria dela eta kalitateko programak egitea ez dela nahikoa, dozena erdi saio egin ondoren bukatzerik ez baduzu nahi, behintzat. 

Horren lekuko Tumatxak. Zortzi saio oso txukunez disfrutatzeko aukera izan dugu eta bukatu da. Ez dakit audientziak hain txikiak izan diren, baina jarraitzaile sutsuak lortu ditu. Eta non dago arrakasta gakoa? Hasteko, nostalgia. Kantu horiek entzuten zenbat momentu ikusten ditugun gure buruan... Gainera, euskal kantagintzaren mito batzuk argitzeko ere balio izan digu. Tontakeria? Seguru, baina horrelakoak ere behar ditugu. Bazenekin Hertzainak taldearen Aitormena abestia taldeari berari idatzitakoa zela? Ez neska bati, ez drogei. Eta Ruperrek Ez da posible idatzi zuela Josu Muguruzaren hilketaren berri izan zuenean?

Garrantzitsuak izan diren artista eta abestiak errepasatzearekin batera, euskal kulturaren errepaso berritzaile, interesgarri eta kalitatezkoa eskaini digu, eta frankismotik gaur arteko gizartearen bilakaera erakutsi. Euskal Herriko gazteei erakutsi beharreko programa iruditzen zait. Azken 40 urteetan hemen zer gertatu den eta kulturak ze ibilbide egin duen ikusteko saio entretenigarria. 

Bide horretatik, asteazken gauean Tribuaren berbak saioak ateak ireki zituen. Kantagintzarena baino zailagoa den gai batetik egindakoa, gure hizkuntzatik eta munduko hizkuntza guztietatik. Kike Amonarrizek lortuko du erakargarri egitea saioa eta hizkuntzen inguruko gure ezagutza eta sentsibilizazioa areagotzea. 

Esperantzara kondenatuak gaudela dio baten batek. Ea laster baten Tumatxak saioaren atal berriak ikusteko moduan garen.

Laster arte, Tumatxak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak