25.000 urte pasa dira, adituek diotenez, euskaldun batek Baxenafarreko Isturitzen hegaztiren baten 12 zentimetro luze eta, gutxienez, hiru zulodun flautarekin musika sortzera jolasten zenetik. Gutxienez diot, hezurra hirugarren zuloan apurtuta aurkitu zuten-eta; agian hiru zulo izango zituen aurrez ere; akaso gehiago. Urte luzez uste izan da gaur egun txistu izenarekin ezagutzen dugun instrumentua munduko zaharrena izan daitekeela. Amets egitea aske den arren, hainbat adituk deuseztatu izan dute aipatu teoria: Jose Luis Ansorenak El txistu estado de la cuestión (1988) testuan, besteak beste. Nondik etorriko ote da, hortaz, bai Oñatiko eta baita ere Euskal Herriko hainbat eta hainbat zortziko eta kontrapas jotzeko erabiltzen den txistua?
25.000 urtean, jakina, euri asko egin du gure herrian. Izan zuten protagonismoa flautek, baita ere, antzinako zibilizazioetan: egiptoarren kañazko flautak, tribu afrikarren egurrezko flautak, Mesopotamiako Tigia, Japoniako Shakuhachi edo kultura Azteka eta Inkek sortutako Antara eta Ujusiniak.
Antzeman daitekeen moduan, mundu zabaleko jendarteak gozatu izan du historian hainbat motako flautez: jakina da, beraz, gizakiak gustuko izan duela bere soinua. XII. mendeko ikonografian, adibidez, oso aberatsa da testigantzak aurkitzea flauten erabileraz: orduko juglareek erabiltzen zituzten beraien ikuskizunei hasiera edota amaiera emateko.
Hiru mende beranduagoko dataz, berriz, badirudi juglareak hiru zulodun flauta bertikalekin dantzan egiteko doinuak jotzen hasi izana; hain zuzen ere, danbolina batu zenean bikora. Aurrez aipatu lanean horrela jasota dagoen arren, José Ignacio Ansorenak dio Txistu y tamboril vascos: origen y pequeña historia lanean, (Txistulari aldizkaria 240; 2014/4), XIII. menderako flautet-tambourin bikoa ezaguna zela Europa guztian. Ezberdintasunak ezberdintasun, jarrai dezagun aurrera.
XVI. mendekoak dira hainbat euskal udalerritako udaletxeek juglare flautistei egindako ordainagiriak. Mende berean, baina, biolinak ikaragarrizko garrantzia eskuratu zuen, eta aurrez horren ezagun eta gustagarri egindako flautek protagonismoa galdu zuten jendarteko klase altuetan.
Berri txarra ematen duen horrek, baina, flautista haiek aristokraziari eta nobleziari belarriak goxatzetik herri xeheari dantzan egiteko piezak jotzera pasa ziren. Helburua bakarra zen: jarraitu gura zuten, zelan ez, egunero ahora zerbait eramaten. Eta momentu honetan egin zen danbolina eta flauta herriko instrumentu tradizional. Orduz geroztik herriko instrumentu izanda berau garatzen, afinatzen, hobetzen eta abar joan da euskalduna. Gaur egun ikus dezakegu inguruko herrietako flautek txistuarekin dituzten ezberdintasunak.
Herriko instrumentu tradizional bilakatzeak garrantzia handia eman zion, eta horrela uler daiteke zelan foru aldundiek eta udal ugarik duten beraien danbolintero banda. Oñatin ere badugu Aita Madina txistulari taldea. Alarde eder bat eskaini behar zuten, urteurrenaren jiran, maiatza, baina ezin izan dugu, zoritxarrez, ezer antolatu. Egungo egoerak baldintzatu gaitu. Zain jarraituko dugu, baina, hurrengo aldi batean beraien zortziko eta kontrapasak dantzatzeko: gure tradizio ederraren erakusle dira.
Gora Oñatz!
Iñigo Murgiondo Agirre