Konfinamenduan modu bortitzagoan azaleratu da emakumeek jasaten duten egoera. Alde batetik, zerbitzu askok funtzionamendua aldatu dute, beste batzuk gelditu egin dira eta beste batzuek baliabideak desbideratu dituzte, zuzenean edo zeharka. Bestetik, eta aurreko krisietan gertatu zen bezala, jendartearen estres handiagoak eta gehiengoaren bizitzaren prekarietate orokorrak erasotzaileen indarkeria areagotzea ekarriko duela aurreikus daiteke, eta emakumeek autonomia gutxiago izango dute erabakiak hartzeko.
Konfinamenduak, alde batetik, zerbitzuen prestazioan alterazioa eragin du, eta, bestetik, ondorio psikologikoak eta bestelakoak eragin ditzake emakume eta haurrengan; haien prozesuak eten egin baitira, eta, aldi berean, etxean indarkeria mota eta adierazpen askotarikoak jasan baitituzte. Orain, lehentasunezkoa da jakitea, indarkeria matxistari dagokionez, nola eragiten dien krisi honek emakumeei, haien seme-alabei, eta sexu genero sistemaren aurreko disidenteei. Zer modu berri sortu diren, zer eredu aldatu diren, zer adierazpen areagotu diren... Litekeena da, indarkeria matxistari erantzuterako garaian, beste bazterkeria edo indarkeria elementu batzuekin elkarreragiten duen kasu konplexuagoei erreparatu behar izatea. Izan ere, bikotekideek, bikotekide ohiek edo beste erasotzaile batzuek emakumeengan zuzenean eragindako indarkeriaz gain, krisi honetan beste indarkeria mota batzuk areagotuko dira, hala nola, ekonomikoa.
Indarkeria matxistaren pandemiak lehentasuna izaten jarraitu behar du, eta, beraz, prebentzioa lantzen jarraitzeko, arreta egungo egoerara egokitzeko eta erreparazioa alde batera ez uzteko beharrezkoak diren baliabide guztiak ezarri behar ditugu. Arazoaren sustraian eragina izango duten ekimen integralak abiaraziz bakarrik lortuko da arazoa desagerrarazten aurrera egitea. Eta, beti bezala, mugimendu eta aditu feministen eskutik egin behar dugu.
Krisiaren lehen unetik ahotsa altxatu dutene konfinamenduan gatibu hartuta arrisku egoeran zeuden emakumeei eta euren seme-alabei arreta emateko eskatu dute, baita, behin deskonfinamendua iritsitakoan, emakumeengan izango zituen ondorio bereiziak begien bistatik ez galtzeko ere.
Gogoan ditugu, halaber, aurten Euskal Herrian erail dituzten lau emakumeak, denak konfinamenduko hilabeteetan. Lanean jarraitu behar dugu denok, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Errealitate sozial larria da, guztiok interpelatzen gaituena, ezin dugu eta ez dugu beste alde batera begiratu behar. Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herri feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena. Aske bizi nahi dugulako, bizitza seguruak eraiki nahi ditugulako, Euskal Herria libre eta feminista batean.