EH Bildutik hezkuntza, osasuna eta enpleguaren arloan proposamen sorta egin dugu Legebiltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2020ko eka. 5a, 12:32


Egoera honetan ezinbestean hartu beharreko neurriak dira ikastetxe guztietan osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko. EH Bilduk Diputazio Iraunkorrera eramango du proposamena. Ihesbidean aritzea eta pandemiak areagotu dituen egiturazko gabeziak konpontzeko borondaterik ez izatea egotzi dio Hezkuntza Sailari. Osakidetzan Lehen Arretako plantilla %10ean handitzea ere proposatu du Legebiltzarrean.

EH Bilduk Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra datorren astean biltzeko eskatu du gaur, besteak beste, 2020-2021 ikasturtea behar bezala planifikatzeko, betiere covid-19aren pandemiak ezohiko neurriak hartzea eskatzen duela kontuan hartuta. Hala, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du irailetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan bete beharko liratekeen gutxieneko neurriak zehazteko. Bi dira neurri nagusiak, Rebeka Uberak azaldu duenez: batetik, taldeko ikasle kopurua jaistea, gehienez 15 ikasle gelako egon daitezen; bestetik, horrek eskatuko duen irakasle kopurua ziurtatzea, %20 irakasle gehiago kontratatuz. Halaber, hirugarrenik, ikasle guztiek ‘on-line’ ikasteko baliabide teknologikoak izango dituztela bermatu behar da.

EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “koronabirusak hurrengo ikasturtearen planifikazioa guztiz baldintzatzen du nahitaez, eta osasun larrialdiak ematen duen aukera probestu behar dugu lehendik ditugun egiturazko gabeziak, arrakala, errotik konpontzen hasteko, ikastetxe guztietan ikasle eta langile guztiei osasuna, bai eta hezkuntza kalitatea ere, bermatzeko”. Hori horrela, Uberak “ihesbidean aritzea” leporatu dio Hezkuntza Sailari. “Zuhurtziaz jokatzeko, SARS-CoV-2rekin bizitzeko planifikatzeko eta behingoz hezkuntzan ditugun erronkei aurre egiteko unea da eta zentzu horretan ratioen gaiari eta plantilla indartzeari heldu behar zaie. Halere, badirudi Hezkuntza Sailak iraganeko errezetekin jarraitzea hobetsi duela, baina okerrena da horren atzean arrazoi ekonomikoak baino ez daudela; hau da, ez ditu ratioak jaistea planteatzen, hori eginez gero irakasle gehiago kontratatu beharko lituzkeelako, eta hain justu hori da ekidin nahi duena”.

Osakidetzako Lehen Arreta indartu beharra

Hezkuntza sistema publikoa ez ezik, Osakidetzako Lehen Arreta ere indartu beharra aldarrikatuko du EH Bilduk Diputazio Iraunkorrean. Zehazki, legez besteko proposamen bat erroldatu du Osakidetzak Lehen Arretako plantilla %10ean handitu dezan. Egun 5.000 langile inguruk osatzen dute zerbitzu hori, baina ez dira nahiko Lehen Arretaren ohiko funtzioak betetzeko gehi koronabirusaren detekzio azkar eta kontrolerako eman zaion funtzioari aurre egiteko. Horren haritik, Uberak gogora ekarri du Osasun Sailak azken urteotan Lehen Arreta ahuldu duela, plantilla handitzea bertako profesionalen aspaldiko eskaria dela eta behin baino gehiagotan grebara deitu dutela helburu horrekin. “Orain pandemiak are ageriago utzi ditu, batetik, Lehen Arretak duen garrantzia eta, bestetik, bertan dauden gabeziak. Hori dela eta, datozen hilabeteotan birusa azkar atzeman eta kontrolatzeko zerbitzu hori funtsezkoa izango dela jakinik, ezinbestekoa da premiaz berau indartzea plantilla %10ean handituz”, azpimarratu du Uberak.

Urkulluren adierazpenak funtzionarioen lan baldintzei buruz

Legebiltzarkideak azaldu duenez, legez besteko bi proposamenek oinarri eta abiapuntu bera dute finean, une historiko honetan sektore publikoa indartu beharra, alegia. Horren harira, salatu du, “oso kezkagarria da pandemiak eragindako krisiari erantzuteko Urkulluri bururatzen zaion lehenengo gauza sektore publikoa osatzen duten funtzionarioen lan baldintzak murriztea izatea; horiek iraganeko erantzunak dira, agortuta dagoen kudeaketa eredu baten isla. Urkulluk dioenaren aurka, ez dira langileak, ez eta funtzionarioak direnak ere, Administrazioaren finantziazio iturri bilakatu behar direnak, herri honetako ondare eta enpresa handien ekarpen ekonomikoa oraingoa baino askoz handiagoa izan daitekeenean. Zentzu horretan, ez da zerbitzu publikoetako gastua nola murriztu eztabaidatzeko garaia, nola indartu aztertzekoa baizik”.

EH Bilduk hausnarketa hau eramango du baita ere Diputazio Iraunkorrera. Hirugarren legez besteko proposamena izango da, Legebiltzarrak sektore publikoa indartzearen aldeko konpromiso irmoa har dezan eta funtzionarioen lan baldintzetan murrizketak egitea, Urkulluk bezala, iradokitzen duten adierazpenen kontra ager dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak