Frantziako Estatuak esan zuen neurriak hartuko zituela, 5.000 preso kaleratuko zituela. Marokok eta Iranek indultoak eman dituzte, eta kartzelak husten ari dira. Espainiako Estatutik horrelakorik ez dugu ikusten. Espetxe Zuzendaritzari eskatu diogu neurriak hartzea. Kartzelak arrisku guneak dira une honetan, kutsaketa foko oso arriskutsuak dira, berme higieniko edo profilaktikorik gabe, osasun babeserako baldintzarik gabe. Kezkatuta gaude, egoera hori izanda ere, ez dugulako inolako neurririk ikusten. Gizartean sektore guztietan izan du eragina koronabirusaren krisiak. Ez duguna ulertzen da zergatik kartzeletan ez den neurririk hartzen. Espetxeak itxi egiten dituzte, eta presoak pandemia honen mendean uzten ari dira. Oso kezkatuta gaude.
Espetxeak beti izan dira espazio opakoak, eta egoera honetan ere, horrela izaten jarraitzen dute. Informazio askorik gabe jarraitzen dugu. Duela egun batzuk jakin genuen Estremerako espetxean 38 urteko emakume preso bat hil zela, eta funtzionario bat ere bai. Aurreko astearen amaieran esaten zuten 138 koronabirus kasu agertu direla Espainiako espetxeetan. Arazoa ez da bakarrik zenbat kasu dauden, baizik eta zein abiaduratan zabal daitekeen gaixotasuna espetxeak bezalako eremuetan. Ez daukagu datu askorik, baina ematen du gaixotasuna oso azkar zabal daitekeela espetxeetan.
Nazioarteko erakundeek kartzelak husteko edo neurriak arintzeko deia egiten zuten bitartean, Espainiako Estatuak neurriak zorroztu eta kartzelak itxi ditu. Programatuta zeuden baimenak moztu dira, komunikazioak itxi dira, bideokonferentziak oso baldintza berezietan egiten dira bakarrik, irteerak murrizten ari dira... Euskal presoei berez aplikatzen zaien salbuespen politikari, orain osasunarekin lotutako salbuespenak ere aplikatzen ari zaizkie. Urrunduak eta isolatuak egoteaz aparte, bakartuak eta murrizpen gehiagorekin daude. Osasun logika batekin tratatu beharrean, zigorra mantentzearen logikatik tratatzen ari dira euskal presoak.
Gainera, bi kolektiborekiko daukagun ohiko kezka areagotzen da: preso gaixoak eta edadetuak. Arrisku taldea dira, kutsatzeko arrisku handiagoa dutelako. Egoera arrunt batean aske geratzeko eskubidea dute, hori diolako legeak; ez dugu ulertzen zergatik salbuespenezko egoera honetan hori ez den gauzatzen. Larri gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak ez dugu ulertzen zergatik ez diren aske uzten. Baldintzapeko askatasun egoeran, nahi baduzu. Baina konfinatuta egon daitezela, euren familien eta ingurukoen zaintzapean. Hori da gure aldarrikapena eta Espetxe Zuzendaritzari eskatu dieguna. Oraindik ez digute erantzun.