EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean premiaz eztabaidatu dadin, kulturgintza salbatzea helburu duen talka plan bat martxan jartzeko, koronabirusak sektore hori amildegi ertzean ipini baitu, Josu Estarronak ohartarazi duenez. Bere esanetan, “euskal kulturgintzaren prekarietatea egiturazko arazoa da, baina pandemiak arazoa izugarri larriagotu du eta horrek erantzun azkarrak ematera behartzen gaitu, kulturak edozein herritan izaera estrategikoa duen heinean; ezinbestekoa da neurriak premiaz hartzea adierazpen artistiko guztietako langileen biziraupena eta iraunkortasuna bermatzeko”. Bestela, erantsi du, “krisialdi honek amildegira eraman dezake gure kultura ekosistema”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du Gobernu espainolak iragarritako neurriek ez diotela “behar bezala erantzuten gure ekosistema kulturalaren errealitateari, ez eta inolako estaldurarik eman ere sektoreko esparru prekarizatuenei”. Halaber, Alemanian eta Estatu frantsesean ez bezala, “Jaurlaritzak aurkeztutako neurrien artean ere ez dago ezer industria kulturalak dituen ezaugarri espezifikoei erantzuteko”.
Hori dela eta, kulturgintza salbatzeko hainbat neurri premiaz eta adostasunik zabalenaz hartzea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk aurkeztu duen proposamenaren lehenengo puntuak Jaurlaritzari dei egiten dio sektoreko eragileekin batera krisi mahaia sor dezan, kulturgintzarako urgentziazko talka plan integrala bertan diseinatu eta adosteko. Estarronaren iritziz, talka plan horrek ondorengo neurriak jaso beharko lituzke:
- Diru-funts berezitua sortzea sektoreari laguntzeko, proiektu txikiei, sortu berriei eta euskaraz eginikoei tratamendu berezia emango liekeena.
- Administrazioen konpromisoa osasun krisiaren ondorioz bertan behera geratu diren emanaldi eta proiektuak berreskuratzeko eta kontratuan hitzartutako prezioaren %30 gutxienez aldez aurretik, aurreikusita zegoen epean, ordaintzeko.
- Sorkuntza artistikoa bultzatzeko dirulaguntzak handitzea.
- Kreditu-lerroa irekitzea, Jaurlaritzaren abalekin eta interesik gabe, liburuaren sektorerako.
- Kulturgune pribatuak 2020ko tasak ordaintzeaz salbuetsita uztea edo bestelako onurak eta konpentsazioak aplikatzea.
- BEZaren ordainketa murriztea edo bertan behera uztea.
- Alarma egoera deklaratu baino bi aste lehenagotik Gizarte Segurantzan artisten erregimenean altan egon gabe baina marku-kontratuen menpe zeuden interprete, artista eta adierazpide artistiko ezberdinak irakasten dituztenei gutxienez hiru hilabeteko subsidioaren estaldura bermatzea.