Momentu honetan inork ez du estrategia bat mahaigaineratzen pandemiari aurre egiteko. Herritarrek ez dute etorkizun hurbileko perspektibarik. Ez dakite zenbat denbora egongo diren konfinamenduan, zenbat test egiten den, noiz iritsiko diren test azkarrak, nola bideratuko diren eta abar.
Badirudi, Espainia zein Gasteizko gobernua notizia onak eman nahian dabiltzala, kurbaren gailurra hurbil egon daitekeela transmitituz. Baina zientzialariek egindako prospekzioek, modelo matematikoek eta Italiako esperientziak erakusten digute gailurra ez dagoela hain hurbil, eta datozen egunetan egoerak okerrera egingo duela.
Generalitateak duen bezala, eskura dauzkaten azterketen arabera Katalunian pikoa apirilaren 18aren eta 24aren artean eman daitekeela. Hurbilago dago iragarpen hori errealitatean gertatuko denetik Espainiako gobernutik esaten dena baino (aste honen bukaeran gertatuko dela). Berriro, zientzialari hainbatek egindako azterketek, modelo matematikoek eta Italiako esperientzia enpirikoak horrela adierazten dute.
Datozen egunetan herritarren larritasunak gora egingo du. Hildako kopurua egunez egun handiagoa izango da eta, test gehiago egin ahala, agerian geldituko da datu ofizialek esaten dutena baino kutsatu askoz gehiago dagoela. Italiako gobernuak esan du litekeena dela kutsatu kopuru erreala hamar aldiz altuagoa izatea.
Noraeza da nagusi, inprobisazioa etengabea da. Eta horrek antsietatea sortzen du. Berez zaila den egoera bat are eta zailagoa egiten du. EH Bilduk estrategia bat jartzen du mahai gainean, koherentea, sinesgarria. Zentzu komunekoa, jendartearen osasunari begiratuko diona eta aldi berean egitura produktiboari ere begiratuko diona.
Horregatik, uste dugu Espainiako Estatuko Gobernuak atzo hartutako erabakia beharrezko neurria dela baina berandu datorrela. Neurri horrek langileengan izango dituen ondorioak xehetasunez aztertuko ditugu, uste baitugu langile klaseak ezin dituela bere gain hartu, bere osotasunean, krisi honen ondorioak. Atzo hartutako erabakiak jendearen eta langileen osasuna zaintzea helburu duen neurrian, norabide onean doa. Horixe da, hain zuzen ere, azken egunotan defendatu duguna, beste esperientzia batzuetan oinarrituta eta zientzialariek baieztatuta. Herritarren osasuna zaintzeko proposamenak lantzen eta egiten jarraituko dugu, krisi honen ondorioak eta bere irteera gizarteko sektorerik ahulenen bizkar ez izateko. Uste dugu horretarako plan bat egin beharko dela, non EAEko eta Nafarroako instituzioek, alderdiek eta eragile ekonomiko eta sindikalek parte hartu ahal izango duten.
Mailuaren estrategia
Zientzialari batzuek horrela deitu izan diote osasun zerbitzuak saturatu gabe kutsatzeko kurba menderatzeko eta horrela hildakoen kopurua gutxitzeko gai den estrategia bakarrari. Bi faseko estrategia da, eta Euskal Herrian, orain gauden hedapenaren unea kontuan hartuta, honela planteatzen dugu:
Lehen fasea: mailu kolpea
Hurrengo hiru asteetan, ahalik eta kolpe handiena eman behar zaio birusaren hedapenari. Horretarako, ahalik eta neurri murriztaileenak hartu behar dira, ahalik eta azkarren. Funtsezkoa ez den ekoizpena gelditzea eta konfinamendua ahalik eta zorrotzena izatea.
Eredu matematikoen eta argitaratzen doazen azterketen arabera, oso litekeena da unerik larriena hurrengo bizpahiru asteetan gertatzea.
Denbora-tarte horretan, behar diren neurri sozial eta ekonomikoak hartu behar dira, enpresak stand-by egoeran mantendu daitezen eta jendeak behar diren diru-sarrerak bermatuta izan ditzan; aldi berean, ziurtatu behar da ez dela enplegurik suntsitzen. Horretarako, Estatutik datozen laguntzak eta neurriak hemendik aktiba ditzakegun baliabideekin osatu behar ditugu. Ildo horretan, neurri sorta bat proposatuko die EH Bilduk instituzio ezberdinei, eragile ekonomiko eta sindikalei eta alderdiei.
Nazioartean nagusitzen ari den doktrina da gastu publikoa handitzea, jendea eta ehun produktiboa babesteko beharrezkoa den guztia. Aztertu beharko da nola handitu ditzakegun diru-sarrerak zerga bidez. Eta 2020ko aurrekontua ere berrantolatu beharko da (neurri handi batean ez da gauzatuko), krisiak markatzen dituen lehentasunen zerbitzura. Baina hori espero daitekeen zerbait da. Une honetan ahalik eta azkarren jokatu behar da, eta gastuarena ezin da aitzakia izan. Kontua da hori parentesi bat izatea, jendeak bere diru-sarrerak gal ez ditzan eta enpresek eta autonomoek beren jarduera ekonomikoa kaltetu ez dezaten, osasun-krisiak dakarren geldialdi gaindiezina alde batera utzita.
Lehen fase honetan, hedapen-kurbari mailukada bat emateaz gain, hazkunde-indizea 0.5etik behera jarri arte, kontua denbora irabaztea da. Hala planteatzen dute zientzialariek.
Gaur da eguna birusaren benetako hedapena ezagutzen ez duguna. Datu ofizialek diotena baino hamar aldiz handiagoa dela uste du Italiak. Eta hori gertatzen da ez garelako behar diren testak egiten ari. Lehen faseak irauten duen denbora-tartean test azkarrak izango ditugu, eta horiek lehenbailehen eta modu masiboan egiten hasi beharko dugu (arrisku-taldeetatik eta sintomatologia arina duten pertsonetatik hasita). Hurrengo asteetan, gainera, ezagutza handiagoa izango dugu birusak nola jokatzen duen eta hemendik aurrera nola aurre egin behar zaion jakiteko.
Gainera, material medikoaz hornitu eta osasun-sistema ahalik eta gehien indartu behar dugu, eta hori beharrezkoa da hurrengo egunei aurre egiteko ez ezik, etorkizun hurbilean osasun-sistema saturatzeko arriskurik gabe gerta daitezkeen piko berriei aurre egiteko ere.
Azkenik, lehen fase honetan, bigarrenerako azpiegitura diseinatu eta prestatu behar da: testaketa eta miaketa masiboa.
Bigarren fasea: testaketa eta miaketa masiboa
Gailurra gainditu eta hazkunde-indizea 0.5era jaitsi ondoren (0.3 eta 0.5 artean), konfinamendu-neurriak pixkanaka altxatzen hasi ahal izango gara. Proposatzen duguna da: egoera ebaluatzea gailurrera iristean (seguruenik apirilaren erdialdean), eta orduan aztertzea noiz eta nola eman amaitutzat lehen fasea.
Laburbilduz, bigarren fasea bihurgunea menderatzea lortu duten Asiako herrialdeek egin dutenera ahalik eta gehien hurbiltzea da: masiboki testatzea eta sakon arakatzea. Estrategia dibertsifikatua, deszentralizatua eta tokian bertan egina, tresna digitalak eta prozedura komunitarioak konbinatuz, positiboak detektatu, kutsatutako pertsonek izan dituzten kontaktu fisikoak arakatu, berrogeialdian jarri, testatu eta konfinatu ahal izateko, positibo ematen badute. Fokuak agertzen badira, tokiko konfinamenduak aplikatu beharko dira.
Bigarren fase hori denboran luzatuko dela uste dute zientzialariek, ziurrenik txertoa iritsi arte. Beraz, ezingo da guardia jaitsi. Bigarren fase honetarako deskribatutako estrategiaren bidez heldu beharko zaion piko dantza bat egongo da.
Paraleloan, EAEn eta Nafarroan sektore ezberdinek osatutako mahaia osatu behar da, kristik ahalik eta baldintza onenetan ateratzeko neurriak proposatu eta adosteko.
Laburpena
MAILUAREN ESTRATEGIA |
DESKRIBAPENA |
EKINTZAK |
NOIZ |
1. FASEA |
Kutsadura-kurba ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta gehien jaistea. |
-Kutsadura-kurba ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta gehien jaistea. - Erabateko konfinamendua - Pertsonak eta enpresak babesteko neurri ekonomikoak - Test azkarrak eskuratzea eta hedatzea - Material medikoa hornitzea eta osasun-sistema indartzea - Bigarren fasea prestatzea |
Apirilaren erdialdea (Garapenaren arabera ebaluatu beharrekoa) |
2. FASEA |
Gailurren gorabeherak |
Mendi-dantzaren kontrola - Testaketa masiboa eta arakatze zehatza tresna digitalen eta estrategia komunitarioaren bidez - Konfinamendu-neurriak pixkanaka eta modu kontrolatuan altxatzea |
Txertoa iritsi arte |