Pobreziari eta beharrizan sozialei buruzko Jaurlaritzaren azken inkestaren emaitzak (http://www.euskadi.eus/contenidos/estadistica/epds_tablas_ens_2018/es_tblestad/data/EPDS_2018_es.xlsx) ezagutzera eman ditu gaur EH Bilduk, nahiz eta horren ardura Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak bere gain hartu beharko zukeen. Nerea Kortajarenak adierazi duenez, “sailburuak aurkeztu beharko zituen inkestaren emaitzak, baina gardentasunez jokatu beharrean, publizitaterik gabe eta ia ezkutuan Jaurlaritzaren webgunean zintzilikatu ditu; ez gaitu harritzen emaitzak txarrak direlako eta bere politika sozialen porrotaren isla zuzena direlako”.
Kortajarenak gogora ekarri du legealdi hasieran, 2016an, Urkulluk haren gobernuaren xede nagusiak zehaztu zituela eta, besteak beste, pobrezia %20 jaisteko borondatea adierazi zuela. “Berrikuntza arloko politikak indartu beharra ere txertatu zuen helburuen zerrenda hartan, baina gaur daukaguna guztiz kontrakoa da: berrikuntzan behera egin dugu eta pobrezian, gora. Porrota erabatekoa da, hori da Jaurlaritzaren politiken definizioa”.
Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Jaurlaritzak berak eginiko inkestaren arabera, pobreziak eta pobrezia arriskuak ez dute behera egin, kontrakoa baizik. Pobrezia errealaren indizea %5,7tik 6,1era igo da 2016az geroztik eta 131.000 herritar pobrezian bizi dira, 2016an 122.000 zirenean. Eta pobrezia arriskuan bizi direnak ere gehiago dira orain duela hiru urte baino: 172.307 pertsona pobrezia arriskuan bizi dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, 2016an baino %14 gehiago eta 2008an baino %41 gehiago”. Oro har, erantsi du Kortajarenak, “pobrezia arriskua neurtzen duten adierazle guztiek okerrera egin dute, 2000. urteaz geroztik inoiz ez da hainbeste pertsona egon pobrezia larri arriskuan, eta eszenatoki horretan nabarmena da emakumeek duten protagonismoa, pobreziak emakume izena duelako batez ere”.
Kortajarenaren iritziz, Jaurlaritzaren inkestaren emaitzek EH Bilduren aspaldiko diagnostikoa berretsi egiten dute. “Prekarizazio egoera berri baten aurrean gaude, ekonomiak hobera egin arren, hori ez delako herritarrengana iristen ari”. Salatu duenez, “oso agerikoa da herritarren bizitzak prekarizatzen ari direla, eta hori inertzialak diren EAJ-PSE Gobernuaren politiken ondorio da, murrizketetan oinarritutako politiken ondorio, eta, noski, gure eskumen faltaren ondorio ere bai, zeren eta kasu honetan ere Madrilen hartzen diren erabakien ondorioak agerikoak baitira: pentsioen ingurukoek, lan erreformak… isla argia dute datu hauetan”.
Legebiltzarkideak azpimarratu du Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) sistemarekin lotura zuzena duten hainbat datu. “Jaitsi da sistema publikoaren babesa jasotzen duten herritarren kopurua eta, aldiz, handitu da sisteman egonik pobreziatik ateratzen ez direnen kopurua, hirutik bat baino gehiago ez baita pobreziatik ateratzen sisteman egonda ere; hau da, jende gutxiago sartzen da babes publikoaren sisteman eta horien artean gehiago dira pobreziatik ateratzen ez direnak”.
Horren haritik, Kortajarenak ondorioztatu du “DSBEren erreformak babes sistema publikoa sendotu eta zabaltzea izan behar duela helburu, ikuspegi murriztaile batetik oso urrun, eta horrek esan nahi du erreforma hori ezin daitekeela PPren eskutik egin, hori murrizketa gehiagoren eta pobrezia handiago baten sinonimo litzatekeelako”.
Halaber, “kalitatezko enplegua sustatu beharra” ezinbestekotzat jo du, eta iragarri du EH Bilduk berriz helduko diela helburu horrekin egin dituen proposamenei, “besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, kontratazio publikoetan klausula sozialak txertatzeko, gazteen emantzipazio politikak indartzeko eta, noski, ikuspegi feminista politika publikoen erdigunera ekartzeko”.