EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak Euskadiko Eskola Kontseiluari buruzko 13/1988 Legea hobetzera bideratuta dagoen Lege Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. 2018an Lege horren egokitzapen bat egin zen arren, aldaketa oso mugatua eta testimoniala izan zen. Horregatik, indarrean jarraitzen du orain dela hogei urte onartutako araudiak, eta ez dio erantzuten gaur egungo errealitateari. Hortaz, Euskadiko Eskola Kontseiluaren funtzionamendua garai berrietara egokitu behar da, praktika demokratikoagoak sustatzeko helburuarekin.
Hori dela eta, EH Bilduk 12 artikulu dituen Lege Proposamen bat aurkeztu du, Kontseiluan parte hartzea sustatzeko eta Osoko Bilkuraren eskuduntzak zabaltzeko. Adibidez, gaur egun Kontseiluko lehendakariaren esku dauden erabaki batzuk modu demokratikoagoan hartzea proposatzen da. Horrela, “Euskadiko Eskola Kontseiluaren erabaki lotesle guztiak Osoko Bilkuran hartuko dira, hala nola, Hezkuntza Sailari (edo bestelako sail edo erakunderi) bidali beharreko irizpenak Osoko Bilkuran bozkatuko dira”. Bestetik, Kontseiluko lehendakariaren izendapena Legebiltzarraren esku geratuko litzateke, eta ez Hezkuntza sailaren menpe, orain arte bezala.
Rebeka Uberaren ustez, “Euskadiko Eskola Kontseilua inoiz baino beharrezkoagoa du esku artean ditugun erronka konplexuen aurrean desberdinen arteko erantzun partekatuak eta adostuak erdiestea”. Horregatik, EH Bilduk 13/1988 Legeko hainbat artikulu hobetzeko proposamena egi du, “etorkizunera begira, Hezkuntza eremuan behar diren eraldaketak bideratu behar direlako, hezkuntza komunitatearen parte hartze eta elkarlana garatzeko beharrezkoak diren espazio eta bitartekoei bide emanez”.