Estatus politiko berriaren inguruan legebiltzarraren agindua bete du eta beteko du EH Bilduk. Zintzotasun eta erantzukizun osoz jokatuko dugu, Legebiltzarrean eta Autogobernu Batzordean adostutakoari leialak izango gara

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2019ko eka. 22a, 10:45

Estatus politiko berriaren inguruan legebiltzarraren agindua bete du eta beteko du EH Bilduk

Egia esan behar bada, ez gaitu harritu zer nolako harrokeriaz eta mespretxuz hartzen duten EBBko presidenteak eta EAJko gainontzeko burkideek Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian egiten dugun lana, edota euskal agenda politikoari buruz esaten ditugunak eta egiten duguna. Jarrera oldarkorra izatea, iraina, mespretxua eta harrokeria dira EAJko burkideek ezker independentistari ematen dion erantzunaren ezaugarriak. 

Harrituta eta haserre ari gara ikusten zein estrategia hartzen ari den EAJ azken hilabeteetan, gure aurka etengabe gezurrak eta irainak erabilita. Inozoak gu, hauteskunde kanpainako estrategia baino ez zela uste genuen; beharrezkoa zuela hori gure gizarteko sektorerik atzerakoienen botoa erakartzeko, eta behin hauteskundeak igarota, bestelako posizio politikoa hartuko zuela eta gure herriko lehen eta bigarren alderdien arteko harremana beste irizpide batzuen baitan eraikiko zela. 

Autogobernu batzordearen eta alderdiek izendatutako adituen lantaldea egiten ari den lanaren inguruan aste honetan bertan EBBko presidenteakegindako adierazpenek berriro ere osagai berberak izan ditu, eta aurreikuspen eta logika guztiak gainditu ditu. Erdi egiekin, gezurrekin eta harrokeria maila handi batekin errealitatea moldatzeko asmoa eta bi indar politikoen artean izan behar den harreman-arau guztiak hondatu nahi direnaren ustea daukagu. Nola ulertu behar dugu, bestela, Ortuzar jaunak esandakoa, EH Bilduren proposamena “paper bat” baino ez zela adierazi zuenean? Estilo baten baitan dago hori guztia? Edo EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak eta printzipioak ez errespetatzeko estrategia berrian kokatu beharra daukagu? Denborak emango die erantzuna galdera hauei guztiei. 

Ortuzar jaunak lehenengo eta behin adierazten du EH Bilduk Batzordeak ezarritako joko-arauak errespetatu behar dituela. Joko-arau horiek Batzordeak talde “teknikoari” (sic) emandako mandatuan daude jasoak. Izan ere, 8 hilabeteko epea ematen dio testu artikulatu bat idazteko, “Batzordean onartutako Oinarrien eta Printzipioen edukiak errespetatuta”. Era berean. “adostutako oinarriak errespetatuta eta zainduta, akordioak bilatuko dira besteekin…”. Lantalde teknikoari egindako lan enkarguari buruz nire buruari egiten diodan galdera da: Gure ordezkaria arauak errespetatzen ari da? Errespetatu ditu EAJko ordezkariak? Eta zein izan da beste ordezkarien ekarpena, proposamena Konstituzioaren aurkakoa dela esateaz gainera? 

Legebiltzarrak emandako mandatua bete du EH Bilduk eta, ekarpen gisara, adostutako oinarrietan eta printzipioetan oinarritutako artikulatua prestatu du. Ezarritako denborarak eta edukiak errespetatuta egin du, eta adituen batzordeko gainontzeko kideen esku utziko du, eztabaidari eta adostasunak bilatzeari egiten dion ekarpen gisara. EH Bilduk agerian utzi du artikulatua egiteko lantaldeari emandako epea nahikoa zela. EH Bilduk Parlamentuaren mandatua bete du. Eta orain, norbaitek sinetsarazi nahi digu, hedabide jakin batzuen laguntzarekin, Legebiltzarrak emandako mandatua bete duenak lantalde horren lana oztopatu nahi duela. Sinestezina! Zinismo handiagorik! 

Hitz egin dezagun, beraz, batzorde “teknikoaz”, izen hori ematen baitzaio eta arrazoi osoz. Batzorde edo lantalde tekniko horrek helburu bat eta bakarra dauka: EAJk, EH Bilduk eta partzialki Podemosek adostutako oinarrien eta printzipioen edukietan oinarritutako artikulatua idaztea. Oinarri eta irizpide horiek zehaztapen argiak ematen dituzte estatus politikoak izan behar ditguen edukien eta ezaugarrien inguruan eta, besteak beste, EAEren eta Estatuaren arteko harreman eredua aldatzea proposatzen du, erabakitzeko eskubidea, botere ahalmena, blindajea eta berme sistema… Batzorde horrek ezin ditu ordezkatu Parlamentuak hartutako erabakiak eta bertan agerian geratu diren asmoak. Zilegitasunik ez du horretarako eta, hori egiteak, Autogobernu Batzordeak eskatutakoa gaindituko luke. Errespetu osoz diogu hori, baina egia argi adierazi behar dela uste dugu. 

Aldi berean, ezarritako oinarrien eta irizpidetan oinarritutako artkulazio juridiko-politikoa idaztean Autogobernu Batzordean egondako boto partikularren inguruan hurbilpenak egon daitezkeela adierazten dugu, baina estatus berriaren “ardatz politikoa” Oinarrietan eta Irizpideetan ondo zehaztuta dago. Eta oinarriak argiak dira: nazio bat gara, izaera konfederaleko eta berdintasunean oinarritutako harremana nahi dugu Estatuarekin, gure etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea daukagu eta eskumen burujabeak eskatzen ditugu (Gizarte Segurantza, pentsioak, hezkuntza…). 

Horrenbestez, Oinarrien eta Printzipioen edukietatik harago doan akordioak garatzeko zilegitasunik ez dauka adituen lantaldeak, eta hori egiteak Parlamentuak emandako mandatua gainditzen du. Gai, hau ahaztu nahi du Ortuzarrek, edo nahasmena eragin nahi du. 

Bestalde, artikulatua idazteak daukan zailtasunagatik, norbaitek esan dezake zentzuzkoa dela denbora gehiago eskatu izana eta beste 5 hilabete eskatzea logikaren barruan sartzen dela. Ados, bada. Zortzi hilabeteko epe-muga nahikoa dela uste badugu ere, denbora arazoa ez da arrazoia izango lantaldearen lana guk blokeatzeko. 

Dena dela, eta ohar gisara, logikoa izango lutzateke, epea luzatzearen eskaera arrazoitzeko, lantaldeak egindako lanaren balantzea aurkeztea. Ez litzateke logikoa izango hori, Parlamentuan emandako adostasunaren emaitza juridikoaren zain dagoenean “herria”? Epea luzatzeko interesa baino ez dute izan zenbaitzuk gai honen inguruan, balantzerik eta ebaluaziorik egin gabe. Lantaldean aurrerapen handiak izan direla defendatzen dute zenbaitzuk. Horiek izan beharko lirateke indarrik handienarekin balantzea aurkeztea defendatu beharko luketenak. Gure aurka jotzea eta gure izen ona zikintzeko hainbesteko gogoa daukan EAJk aukera paregabea izan du horretarako, baina ez du egin. Zergatik? Lanak ez direlako aurreratu. 

Egia hauxe da: 7 hilabetean bi kapitulu baino ez dira utzi harilkatua, eta erabateko akordiorik gabe. Ezarritako epe-muga amaitzear dela, hirugarren kapitulu bati helduko zaio. Baina, berriro diot, balantze hau Autogobernu Batzordean egin beharko litzateke eta horrela agerian geratuko lirateke azken hilabeteetan esan diren gezurrak eta manipulazioak. 

Hori horrela izanda ere, eta atzerapenak atzerapen, jarrera eraikitzailea eta ardurastua erakutsita, luzapen bat onartuko zuela esan zuen lantaldean daukagun ordezkariak (beharrezkoa ikusten ez dugun arren), baina artikulatua entregatzeko epea irailaren 30ean jartzea proposatu zuen. Ez zuten proposamena onartu, besteak beste, uztaila eta abuztua jarduneko hilabeteak ez direlako (sic). Azaroaren 30eko epe-muga jarri da. Ez geunden ados, baina arduratsu jokatu dugu. Emandako denboran egindako lanak emaitza ona emango duela espero dugu. Denborak esango du epe-muga luzatzearen atzean arrazoi teknikoak edo bestelako arrazoiak dauden. 

Ortuzar jaunaren bigarren argudioa: “EH Bilduk beldurra die akordioei”. Ez da zentzuzkoa. Lehenik eta behin, aipatzen ari garen gai honetan, eraiki nahi dugun estatus politiko berriaren oinarrien eta printzipioen alorrean, akordioa lotua daukagu EAJrekin (eta eskubideen alorrean Podemosekin). Izan dezatela argi gauza bat: guk ez dugu akordio hori hautsiko; EH Bilduk “historikoa” dela uste duen akordioari leialik izango gara azken unera arte. 

EAJk badaki aniztasuna dela EH Bilduren ezaugarria eta bere baitan ezberdinekin hainbat akordio egin dituzten alderdi politikoak daudela. EAJk ahaztu nahi du EAEren autonomiaren eraikuntzan paper oso garrantzitsua jokatu zutela Garaikoetxea lehendakariak eta bere alderdiko beste hainbat kidek, eta horiek egun EH Bildun daudela; eta gurekin daudela, halaber, Alternatibako kideak, IUn zeudenean Ibarretxeren gobernuetan egondakoak; eta ezker abertzale “maltzurrak” birritan eman ziola babesa Ibarretxeri lehendakari kargua hartzeko edota aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hori da 

akordioei EH Bilduk dien beldurra? Guk akordioak egiten ditugu eta, gainera, bete egiten ditugu. Horixe da gure izaeraren ikur nagusietako bat. 

Hitz egin dezagun argi. Denbora egon da. Baina ez dugu pentsatu nahi norbaitek denborak aurrera joatea nahi duela, iazko ekainean egindako akordioa ez idazteko eta ez gauzatzeko. 

Hemen bestelakoa izan daiteke arazoa, gerta daitekeelako Ajuria Eneako eta Sabin Etxeako sektore kualifikatu batzuei adostutako oinarriak eta printzipioak gehiegi ez gustatzea. Orain, irainen eta probokazioen bitartez, EH Bilduk Autogobernu batzordeko lanak alde batera uztea bilatzen dute. Egon daitezela zain! Gure herriari emandako hitza beteko dugu. Irainik gabe eta gezurrik gabe. Batzordean lanean egongo gara azaroaren 30era arte. Eta joko-arauak errespetatuta egingo dugu berriro, emandako epea errespetatuta eta EAJrekin adostu genuena errespetatuta. 

Legebiltzarrak emandako mandatua errespetatzea da gure ardura; bete dugu eta beteko dugu. Dauzkagun arazoei aurre egiteko, behar dugun estatusaren inguruko beharrezko debatea ez diegu lapurtuko herritarrei. Erronka handiak ditugulako aurrean: aldaketa klimatikoa, berdintasun politikak, trantsizio energetikoa, arazo demografikoa, pentsioak, industria politika, globalizatua dagoen munduan gizarte euskalduna egonkortzea… Horiei guztiei aurre egin ahal izateko, beharrezkoa dugu estatus berri bat. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak