2011ko maiatzaren 22an Logroñoko espetxean nengoen gatibu. Oso gogoan dut hauteskunde gau hura. Euskal Herriko ezker subiranistak inoiz izandako botere instituzional handiena lortu zuen, krisiaren eraginez Euskal Herriak nozitzen zuen egoerarik zailenean, gainera.
Gogoan dut, herri guztietan lortu genituen emaitzez poztu nintzela. Baina, bereziki, gogoan dut Oñatiko emaitza ikusgarriek, harritu ninduten maila berean poztu nindutela. Gerora ezagutzeko aukera izan dudan Mikel Biain buru, Oñatiko lan taldeak oso ondo egin zuen momentu hartan Euskal Herrian bizi genuen egoeraren irakurketa. Eta gai izan zen herrian garai politiko berri bat irekitzeko eta aldaketa instituzionala gauzatzeko.
Kideek ez zuten erronka makala. Lehen aipatu bezala, Euskal Herria krisi ekonomiko latzean murgilduta egoteaz gain, politikaren desprestigioa (ospe-galtzea), harekiko atxikimendu falta eta instituzio publikoekiko konfiantza maila baxua -historiako baxuena- ziren nagusi. Ez zen egoera erraza. Eta Oñatiko talde gazte bati zegokion herriko instituzio publiko gorenaren ardura hartzea.
Zortzi urte pasa dira 2011ko maiatzak 22 hartatik. Orain, 2015eko hauteskundeetan aurrera jarraitzeko baldintzak sortu eta herritarren konfiantza berretsi ostean, lekukoa Izaro Elorzari ematea erabaki dute urte hauetan guztietan herri proiektuaren atal instituzionalaren lemazain izan den Mikelek eta EH Bildu osatzen duen komunitateak.
Pentsatzen dut azken zortzi urteetan lan bikaina egin duzuela Oñatin, eta, oro har, asko daukagula bertatik ikasteko. Puntu batzuk aipatzearren:
- Lidergoa. Mikelek oso ondo barnebiltzen ditu herri zerbitzari batek izan behar dituen ezaugarriak: zerbitzu bokazioa, abegikortasuna, uste sendoak, determinazioa, adorea eta lasaitasuna.
- Gobernu ona. Ezker independentismoak kudeaketa gaitasunik ez duela etengabe errepikatzen diharduten horiei erakutsi diegu soberan garela horretarako kapaz. Eta ez hori bakarrik: ikusarazi diegu beste batzuk baino hobeto egin dezakegula.
- Eraldaketa gaitasuna. Baina ez ginen politikan sartu instituzioen kudeaketa soilerako. Hauteskundeak irabazteaz gain (gobernua eratzea ahalbidetuko digun gehiengo elektorala lortzea), lehia politikoan (gobernu programa praktikan jartzea ahalbidetuko digun ahalmena eta bitartekoak izatea) eta lehia sozialean (gobernu ekintza bideratuko, kontrolatuko eta sustatuko duen zein politika sozializatuko duen gehiengo sozialaren mobilizazio aktiboa izatea) irabazi beharra dago. Eta zinez uste dut, Oñatin, gai askotan ondo jakin duzuela hori egiten.
- Antolaketa egitura. EH Bildu koalizioa zer izan behar denaren inguruko irakurketa zuzena egin duzue. Eta jakin izan duzue koalizioaren funtzionamendua zein praxi politikoa 2011n irekitzen ari zen errealitate berrira egokitzen. Ez zenuten kide bakoitza nondik zetorren galdetu, denok elkarrekin nora joan nahi zenuten baizik.
Hori horrela, zortzi urte emankor izan dituzuela/ditugula deritzot. Eta, EH Bilduko idazkari nagusi bezala, eskerrak eman nahi dizkiet urte horietan lanean aritu diren guztiei. Era berean, doazkiela nire animoak eta gertutasuna Izarori zein bere inguruan antolatuko den taldeari. Ziur naiz 2011ko maiatzean Oñatin emandako aldaketa hura, urte luzez geratzeko etorri zela. Ziur naiz, Izarok, Mikelek bezain ondo eutsiko diola lemari. Mila esker, Mikel. Ongi etorri, Izaro.