Fase berriaren berri ematen ari garen honetan, ezin gogora ekarri barik utzi Harittu prozesuari ekitera bultzatu gintuzten helburuak. Bada, Oñatiko EH Bilduren komunitate politikoa saretu eta bertako kideen parte hartzea sustatu gura izan genuen, batetik. Eta, era berean, erdigunean jarririk geneukan gure herriarendako etorkizuneko proiektu estrategikoa diseinatzearen asmoa.
Gure komunitatea saretzeko ahalegin horretan, beteak beste, EH Bilduren mahaia sortu eta lan-talde ezberdinak osatu genituen, alor ezberdinetan banatuta. Nola ez, herritar askoren parte hartzea ahalbidetu du jardun modu horrek. Eta, zalantzarik gabe, aberasgarria izan da geure herrian martxan jarri beharreko egitasmoen inguruko hausnarketak pizteko. Horretan geratu barik, bestetik, EH Bilgunea ireki genuen –esan gabe doa herritar orok zabalik dituela bertako ateak-. Gunea irekitzearena ez da alferrikako erabakia izan. Esaterako, orain artean, gai ezberdinei buruzko solasaldiak antolatu ditugu bertan.
Bestetik, esan moduan, aurrera begirako herri proiektua diseinatzea ere asmoen artean genuen. Azken finean, Oñatik epe ertainean edo luzean izango dituen erronkak identifikatzea zen helburua, eremu bakoitzeko esku-hartzeak behar bezala diseinatzeko. Ba, horretan dihardugu, urratsez urratseko bidean murgildurik. Baikor gabiltza. Motibazioz.
Diagnostiko fasetik Ekintza Planera
Hain zuzen ere, irailean eman genion bukaera diagnostiko faseari; gure herriaren egungo egoeraren erradiografia egin genuen bertan -ahalik eta zehatzena, beti ere-. Bada, fasea bukatuta, esan dezakegu pozik gaudela orain arte egindakoarekin. Duda barik, oso modu positiboan baloratzen dugu hura -eta herritarrek horretan izandako parte-hartzea-. Horrek, nola ez, eragina izango du etorkizuneko proiektuetan.
Eta, diagnostikoa bukatuta, Ekintza Planaren diseinuarekin dihardugu, apirilaz geroztik identifikatu ditugun behar eta erronkei erantzungo dien politikak diseinatuz, alorrez alor. Gainera, dagoeneko partekatuak ditugu Ekintza Planean emaniko lehen urratsak: talde bakoitzak 2018ko abenduaren 15ean aurkeztu zuen orain artean egindakoa, Gaztelekuan egindako tailer irekian. Ekarpenak egiteko aukerarik ere izan zen bertan.
Bestetik, datorren legealdian proiektuaren ordezkari izango diren herritarrak izendatzea ere badagokigu. Alegia, Harittu prozesuak hasitako bidea ez da Ekintza Planaren zein Herri Programaren diseinuarekin bukatzen, tartean, udaletxetik bideratu beharreko zenbait zeregin bilduko baititu herri proiektuak. Beraz, lan hori bera instituzioetatik gauzatuko duten pertsonak izendatzea ere garrantzizko zeregin dugu. Finean, epe luzerakoa da apirilean hasitako bidea. Eta, irakurle, jakin ezazu oraindik ere zabalik dituzula Harittu prozesuan parte hartzeko ateak.