Erronkari “ilusioz” heldu dio Elorzak, lanerako gogoz, azken bi legealdietan koalizio kideek egindakoa gogoan. Gauzak horrela, Harittu prozesuaz, EH Bilduk hauteskundeetara eroango duen proposamenaz eta bestelakoez berba egin du Elorzak.
Hala da. Gustura nago nire lanpostuan. Urte dezente daramatzat. Baina, barne-barnean, beti izan dut zerbait gehiago, zerbait ezberdina, egiteko gogoa. Ba, alkategai izateko proposamena iritsi zitzaidan iaz. Harritu egin ninduen, baina erronka interesgarria iruditu zitzaidan. Herritarrentzat eta herriarentzat lan egitea ez da zeregin makala. Ilusioz heldu diot erronkari.
Ez dakienarendako: zein da Izaro Elorza?
Ba, Oñatin jaio, hazi, hezi eta bizi den bi umeren ama naiz, mundu justuago eta berdintsuago bat lortzeko bidean, bere esku dagoen guztia egiten saiatzen dena -Fiare Banca Eticako, Goiener energia kooperatibako eta Oñatiko Ortuzabala kontsumo taldeko kide naiz, momentuz-. Batxilergoa bukatuta, Bilbora joan nintzen Telekomunikazio ikasketak egitera. Eta Gradu Amaierako Proiektua aurkeztu aurretik lanean nenbilen Iberdrolan; harrezkero, zorionez, gelditu barik dihardut. Bien bitartean, doktoretzarako sarbide den Proiektuen Kudeaketarako Europako Masterra ere egin nuen (Euro MPM). Eta, gaur egun, Arrasaten dagoen MVE enpresan nabil zuzendaritza tekniko eta ingeniari lanetan. Bestetik, aisialdiari dagokionez, kirola egitea, irakurtzea, zinemara joatea, musika entzutea, janaria prestatzea, bidaiatzea eta lagun zein familia arteko planak egitea ditut gogoko. Besteak beste, oso gustura ibiltzen naiz mendian, naturaz gozatzen. Txikitatik baserri inguruan ibiltzearen eragin izan daiteke hori.
Besteak beste, Oñatiko Udal Gobernuan diren koalizio kideen lana goraipatzeko aprobetxatu izan dituzu agerraldiak.
Nire ustez, 2011-2015 eta 2015-2019 agintaldietan herri honetan egin den lana ez da nolanahikoa. Ez soilik martxan jarri diren proiektu txiki, handi zein hartu behar izan diren erabaki ausartengatik. Era berean, eredugarria izan da horiek egiteko modua. Azken urteetan, gardentasun osoz eta herria informatua izateko bokazioz jardun dute Udal Gobernuko kideek. Jardun modu horrekin, ba, espazio berriak eraiki edo berregokitu dituzte, herri barruko mugikortasuna errazteko neurriak hartu dituzte eta lan handia egin dute horren begi bistakoak ez diren zenbait alorretan ere: Hurretik egitasmoa, parte-hartzearen bultzada, Gipuzkoa mailan aitzindari den Eskola Kirola programa... Denean bezala, aldeko eta kontrako iritziak egongo dira, baina uste dut herrian aldaketa garrantzitsua izan dela azken urteetan. Hobera egin du Oñatik. Harro egotekoa da hori.
Dena den, alkategaia aldatzeko hautua egin du EH Bilduk. Zergatik?
Agian, egungo alkateari egin beharreko galdera da hori, bere erabakia izan baita aurten EH Bilduren alkategaitzara ez aurkeztea. Dena den, esan dezaket ondo ikusten dudala urte batzuk igarota hautagaia aldatzea, gainerako herritarrei aurkezteko aukera emanez, freskotasunez, ideia berriekin eta ilusioz jarrai dezagun Herri proiektu honetan lanean.
Orain, Harittu prozesuan murgildurik diharduzue buru-belarri. Zer da Harittu?
Epe ertain-luzera Oñatiren behar eta erronka nagusiak zeintzuk diren identifikatu, eta eremu bakoitzean egin beharreko esku-hartzeak behar bezala diseinatzen lagunduko digu Harittuk. Horretarako, alor ezberdinetan banatu genuen prozesua -hor dira parekidetasuna, lurralde antolaketa, ingurumena, gazteria, kirola...-. Ostera, herritarrak eurak izan dira alor bakoitzeko lanketa egin dutenak. Zehatz esanda, bi fase nagusitan banatu da prozesua . Alegia, diagnostiko fasearekin hasi genuen bidea, gaur egungo Oñatiren erradiografia moduko bat lortzeko helburuz. Gaur-gaurkoz, bukatua dugu fase hori, eta identifikatuak ditugun beharrei erantzungo dieten politikak diseinatzen dihardugu, Ekintza Planean murgilduta.
Beraz, hark zehaztuko du aurrera begirako bidea…
Hein handi batean, bai. Azken finean, lan handia egin da azken hilabeteotan, eta ekarpen interesgarriak ditugu esku artean. Gainera, indartzen ari da komunitate-sarea. Pozik egoteko modukoa da hori. Izan ere, esan ohi da lau begik, bik baino gehiago ikusten dutela. Eta gure kasua ez da salbuespen. Jende asko ari da Harittu prozesuan murgildurik, konpromisoz. Hori oso aberasgarria da herriarendako. Azken finean, gaur egungo Oñati zer denaren eta zer izan nahi duenaren ikuspegi, pertzepzio eta desio ezberdinak ditu pertsona bakoitzak. Irudika dezagun: imajina ezazu puzzle osoaren zati bat dela pertsona bakoitza. Ba, zati horiek guztiak elkartuta soilik lortuko da marrazki osoa irudikatzea. Proiektuak herriari begira eta herriarentzat egin behar dira, horrek suposatzen duen aniztasuna kontuan izanda. Finean, kontuan izan behar da Oñatiko EH Bilduren komunitatea ez dugula mahaiaren bueltan gaudenok bakarrik sortzen, guregana ekarpenak egitera datorren edota bestelako ekintzetan izan den herritar oro ere komunitate horren parte dela.
Eta hauteskunde egunak emango dio bukaera Haritturi?
Ez. Hurrengo urteetan emango diren pausoen gida moduko bat izan gura du Harittuk -ez soilik Udaletik aritzeko, baita herri mugimenduetatik ere-. Beraz, Ekintza Planean zehaztutako urrats edo proiektu horiek finkatzean bukatuko litzateke prozesua. Hala ere, uneoro egin beharko da hausnarketa, eta ikusi beharko da aldaketarik egin beharrik dagoen. Alegia, uneoro egongo da erakundeetako ordezkarien eta komunitateko kideen arteko harremana.
Oro har, zeintzuk dira EH Bilduk esku artean duen proiektuaren zutabe nagusiak?
Oraindik lanean gabiltza, ekarpen horiek guztiak aztertzen. Baina argi dago hainbat eta hainbat esparrutan badugula lana egiteke, eta sarri pisutsuenak enplegua, etxebizitza edo mugikortasuna izaten diren arren -ekonomikoki, behintzat-, ezin ditugula beste esparruak alde batera utzi. Behar duten garrantzia eman behar zaie, kulturari, berdintasunari, parte-hartzeari, politika-sozialei, gazteriari, ingurugiro eta landa guneei...
Bide horretan, zinegotzi izateko hautagaien zerrenda lantzea dagokizue orain, ezta?
Bai. Zerrendak lehenbailehen osatzea dugu helburu, ahalik eta azkarren hasi gura baitugu talde moduan lanean. Maiatza bertan da, eta, hauteskundeetan zer gertatuko den ez dakigun arren, prest egon beharra dugu. Gauzak horrela, herritar ezberdinez osatutako taldea sortzen gabiltza. Aurretik aipatu ditugun arloetan ezagutza edo interesa eduki eta herriarentzat lan egiteko ilusioa duten gazte, heldu, emakume eta gizonezkoz osatua egongo da hautagaien zerrenda.