H Bildu aspaldiko partez eskatzen ari da Osakidetzako lan eskaintza publikoan irregulartasunak direla eta errepikatu beharreko azterketetan epaimahaiak alda daitezela, zentzugabekeria litzatekeelako irregulartasun horietan zerikusia izan duten epaimahai berberek prozesua zuzentzeko ardura hartzea berriz ere. Arartekoak ere bat egin du EH Bilduren tesi horrekin eta hala adierazi du gaiari buruz argitaratu duen txostenean. Hala eta guztiz ere, Osasun Saila ez dago epaimahaiak aldatzeko prest errepikatuko dituen azterketetan eta gerorako utzi nahi du neurri horren egikaritzea. “Osasun Sailaren jokaera, horri dagokionean, larria eta onartezina da, susmopean dauden kasuetan epaimahaiak aldatzea nahitaezkoa delako prozesuen inpartzialtasun objektiboa ziurtatzeko”, Rebeka Uberak azpimarratu duenez. Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak legez besteko proposamena aurkeztu du gaur bertan Legebiltzarrak hala exijitu diezaion Jon Darpon Osasun sailburuari.
Halaber, Legebiltzarreko Mahaiari eskatu dio Osoko Bilkurak 2018ko ekainean hartutako erabakia bete eta berehala lantalde bat sor dezala Osakidetzako pertsonal politikaren eredua eta hautaketa-prozesuak aztertzeko eta beharrezko aldaketak proposatzeko. Uberak gogora dakar EAJ eta PSE lantalde hori sortzearen aurka agertu zirela eztabaida hartan eta susmoa du orduan oposizioak adostu eta onartu zuena orain ezerezean uzten saiatuko direla. “Premiazkoa da Legebiltzarrak Osakidetzako pertsonal politikari buruzko eztabaidari heltzea eta ez dugu onartuko hori saihesteko inongo trikimailurik”.
Horren haritik, Uberak azaldu duenez, EH Bilduk Osasun Sailari proposamen zehatza egin zion pasa den azaroan. Beraz, Darponek badaki zer egin Osakidetzan duen afera bideratzeko. Labur esanda, ezinbestekoa da behin-behinekotasun tasa ikaragarria murrizteko berehalako neurriak hartzea, lanpostuak egonkortze aldera; bigarrenik, Osakidetzak duen errealitateari buruzko prospekzio demografiko bat egitea lan arloan dituen beharrak identifikatzeko eta giza baliabideen mapa zehazteko, belaunaldi aldaketa arrakastaz gauzatu ahal izateko, eta, hirugarrenik, lan eskaintza publikoen eredua aldatzea.