EH Bilduk espetxeen transferentziak izan behar duen lehentasuna azpimarratu du gaur eta, horren ildotik, Gobernu espainolak igorritako transferentzien egutegia kritikatu du eskumen hori premiazkotzat ez jotzeagatik. Jone Goirizelaiak adierazi duenez, transferentzia horrek bestelako espetxe politika egitea ahalbidetuko luke, presoak pertsona gisa, duintasunez, euren eskubideak aintzat hartuta, tratatzeko. “Ez dugu transferentzia nahi Madrilek egiten dituen politika berberak egiteko. Kartzelak pertsonen kontenedore edo biltegi bilakatu dituen politika batetik presoak pertsona gisa tratatuko dituen politika batera pasako ginateke; horretarako nahi dugu eskumen hori”.
Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du transferentziak aldaketa handiak ekarriko lituzkeela, horietako batzuk funtsezkoak. Lehenik eta behin, euskal preso guztiak Euskal Herrian egotea ekarri beharko luke, legediak argi dioelako presoek euren bizilekutik gertuen dagoen kartzelan bete behar dutela zigorra. Katalunian halaxe gertatu zen Generalitatek espetxeen eskuduntza jaso zuenean.
Halaber, kartzeletako tratamendu batzordeek Madrilgo Espetxeetako Zuzendaritzaren eta haren irizpide politikoen menpe egoteari utziko liokete eta erabakiak, beraz, hemen hartuko lirateke. Horri dagokionez, Goirizelaiak gogora ekarri du tratamendu batzordeek oso funtzio garrantzitsua jokatzen dutela presoen gradu progresioaz erabakitzeko edota baimenak emateko orduan, besteak beste. “Gaur euskal presoei ez zaie indarrean dagoen legedia aplikatzen, legez kontrako interpretazioa egiten delako. Legedia aplikaturik, ulertezina da preso batek lehen graduan jarraitzea kartzelan 20 urte pasa ostean; hori ez da legedia aplikatzea, baizik eta kolektibo zehatz bati legediaren aplikazio politiko bat egitea”.
Zigorrak betetzeko bide alternatiboak –beste leku batzuetan oso emaitza onak ematen ari direnak– eta ez kartzelak bakarrik erabiltzea ere ahalbidetuko luke transferentziak.
Pleno monografikoa
Gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, EH Bilduk eskatuta, Legebiltzarrak eztabaida monografikoa egingo du martxora bitartean “herri honek behar duen espetxe politikaren eredua talde parlamentario guztion artean diseinatzeko”, Julen Arzuagak esan duenez. Azken hilabeteotan egin diren batzordeko agerraldietan Parlamentuak adituen ekarpenak jaso ditu eta “orain ezinbestekoa da horiek guztiak ordenatzea eta espetxe eredu propioaren diseinua egitea”. Arzuagak erantsi duenez, “eztabaida monografikoa palanka gisa erabili nahi dugu transferentzia azkartzeko”.
Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak Gobernu espainolari leporatu dio espetxeen transferentzia gauzatzeko borondate falta, nahiz eta PSEk EAJrekin sinatutako gobernu akordioa transferentzia hori lehentasunezkotzat hartu. “Idoia Mendiak hemen sinatzen duenak ez du balio handirik Madrilen. PSOE itxurak egiten ari da eta litekeena da Estatuan legealdia amaitzea espetxeak transferitu gabe”.
Azkenik, Arzuagak PP eta biktimen lobby eta elkarteen jarrera, Estatutuak berak dioena ez betetzearen aldekoa, salatu du. “Estatu espainolean zabaltzen ari diren muturreko posizio autoritarioen ondorio den prozesu birzentralitzailearen beste adibide bat da”.