Hemendik gutxira Legebiltzarrak onartuko duen Euskal Kultura-Ondarearen Legeak euskal kultura bere osotasunean hartuko du, EAEko muga administratiboetatik harago. EH Bilduk hala adostu du Jaurlaritzarekin eta aldeko boza emango dio legeari, Lakuak Parlamentuari igorri zion lege proiektuak zeuzkan hutsuneak zuzentzea erdietsi duelakoan. Josu Estarronak azaldu duenez, “egungo marko administratiboaren ondorioz, legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako neurriak eta tresnak jasoko ditu, baina kulturak ez du zatiketa administratiboez ulertzen. Hori dela eta, lege honen tramitazioan EH Bilduren helburu nagusia euskal kultura, ikuspegirik zabalenean, erdigunean kokatzea izan da eta, gure ekarpen horri esker, Legebiltzarrak onartuko duen legea hainbat puntutan euskal kultura-ondareaz arituko da, zentzurik zabalenean. Izan ere, Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta Diasporaren hainbat ondare kultural euskal kulturaren parte dira eta lege berriak horri ere erreparatuko dio. Hala, euskal kultura bera legearen erdigunean ipini dugu eta, horren ondorioz, legeak neurriak jasoko ditu modu koordinatuan aritzeko eta euskal kultura-ondarea bere osotasunean babestu eta sustatzeko”. Zehazki, xedapen gehigarri batek elkarlana eta kooperazioa aurreikusiko ditu, Iparraldeko Mankomunitatearekin zein Nafarroako Gobernuarekin, ondare kulturalaren alorrean.
Hori ez da, dena den, EH Bilduren ekarpen bakarra. Estarronak gogora ekarri du Jaurlaritzaren jatorrizko lege proiektuak hutsune handia zeukala ondare immaterialaren tratamenduari zegokionean. “Gaur, ordea, esan daiteke gure lanari esker arlo horretan, Europa mailan, oso lege aurreratua eta handinahikoa izango dugula”. EH Bilduko legebiltzarkideak kultura immaterialaren garrantzia azpimarratu du, “edozein gisa komunitateren identitatearen oinarri eraginkorrenetarikoa delako”. Bere hitzetan, “identitatea jardunean eraikitzen da bereziki; egiten duguna gara eta, egiten dugun hori modu partekatuan besteekin egiten dugun heinean, sareak eta, jarraian, herrikideak sortzen ditugu. Beraz, garrantzitsua da legeak babestea geure herriaren izaera, gu geu garena, adierazten duen ondare kultural hori”.
Azkenik, ondare kultural baten testuingurua degradatzen dituzten edo interferentziak sortzen dituzten elementuak legean debekatzea ere lortu du EH Bilduk. “Gobernuaren proiektuak ikusizko kutsadura eragiten duten instalazioak debekatzea aurreikusten zuen, baina ez zituen bestelako elementuak arautzen. Orain, guk proposatuta, legeak kutsadura akustikoa debekatuko du, besteak beste, eta, hori arautzeaz gain, Jaurlaritzak eta Aldundiek ondare kulturalean inbasiboak diren elementuak pixkanaka kendu edo gutxitzeko politikak diseinatu beharko dituzte”. Hiru urteko epean plan bat egin beharko dute kultura ondarearen deskontaminazio bisual eta akustikorako.