EH Bilduk, hezkuntza arloko hainbat eragilek bezala, urteak daramatza eskola publikoan jantokiak kudeatzeko eredua alda dezala eskatzen Jaurlaritzari, kudeaketa zuzena ahalbidetzeko. Hau da, catering enpresak kontratatu ordez, ikastetxeek –hala erabakiz gero– sukalde propioa izango lukete eta jangelen jardun osoa bideratuko lukete bertan, horrek ikasleen elikadura hobetzea ekarriko lukeelakoan. Aspaldiko aldarrikapena da hori eta, Haurreskoletan gertatu zen bezala, jantokien aferan presio politiko eta sozialak Jaurlaritza mugiarazi du. Hala ere, jangelen kasuan, Hezkuntza Sailak atzo iragarri zuen aldaketak ez dio aipatutako eskariari erantzuten, “jantokien kudeaketaren ardura guraso elkarteen bizkarrean uztea planteatzen duelako, erantzukizun hori Hezkuntza Sailarena berarena denean”, Eva Lopez de Arroyabek azpimarratu duenez.
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du eskola jantokiak kudeatzeko ardura ikastetxeek beraiek –Hezkuntza Sailak, azken batean– hartu behar dutela euren gain; “beraz, ez da inondik inora onargarria zama hori gurasoen bizkar utzi nahi izatea, EHIGE gurasoen elkarteak jada kritikatu duen bezala”. Lopez de Arroyabek azaldu duenez, “guraso elkarteetan aritzen diren pertsonak boluntarioak dira eta Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki elkarte horiek ez dutela gaitasun errealik jantokien jardun osoa antolatu eta bideratzeko eta horretarako beharko liratekeen kontratuak egiteko, horrek guztiak ikastetxeen ardura izan behar duelako”.
Bere iritziz, “Hezkuntza Saila berari bakarrik dagokion erantzukizunari ihes egiten saiatzen ari da, modu traketsean gainera, atzo eskola jantokien jarraipen batzordearen bilera akordiorik gabe amaitu zelako, baina, hala eta guztiz ere, eredu berria iragarri zuen horren ostean”. Jaurlaritzaren planak zuzentzea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk hiru agerraldi eskatu ditu jada Legebiltzarrean: Hezkuntza sailburuarena, EHIGErena eta LABena, azken hau sindikatu nagusia delako eskola jantokietako langileen artean.