EH Bilduk SHESA hidrokarburoak ustiatzeko enpresa publikoa ezabatzeko eskatu du, zulo beltza delako

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 27a, 00:50
Mikel Oterok adierazi duenez, SHESAren ibilbidea porrota izan da eta ixteko ordua iritsi zaio, haren jarduna bat ez datorrelako trantsizio energetikoaren xedeekin eta urtez urte diru publikoa alferrik galtzen ari delako. “SHESAren putzu nagusiena egin duen zulo ekonomikoa da”.

EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Euskadiko Hidrokarburoen Baltzua (SHESA) ezabatzeko prozesua abian jar dezala. Mikel Oterok azaldu duenez, oposizioko gainerako taldeek SHESAren jardunari buruz duten iritzia kontuan hartuta, “aukera handiak daude Parlamentuak SHESA ezabatzeko agindua emateko”. Batzar Nagusietan ere proposamen bera egingo du EH Bilduk Araban, Bizkaian zein Gipuzkoan, “eta udaletxeetan SHESAk gure herrietatik eskuak atera ditzala eskatuko dugu”, erantsi du Onintze Oleaga Bizkaiko batzarkideak. Salatu duenez, “SHESAren proiektuek 50 udalerri baino gehiagotan eragiten dute, baina inork ez digu azaldu zer, nola, non eta noiz egingo duten, eta hori herritarren kezka eta urduritasuna areagotzen ari da”. Judit Garcia gipuzkoarra eta Kike Fernandez de Pinedo arabarra ere izan dira Otero eta Oleagarekin batera.

Mikel Oterok azaldu duenez, orain arte Saia izenekoa zen EAEn aritzeko SHESAk zeukan baimen bakarra, baina Lakuak beste hiru baimen (Sustraia, Lore eta Landarre) eman dizkio berriki hidrokarburoak bilatzeko, eta horrela Erkidego osoko superfiziearen %50 baino gehiago geratu da SHESAren eraginpean. Hori horrela, “Jaurlaritzari aski dela esateko eta SHESA ezabatzeko ordua iritsi da”, azpimarratu du. “SHESA duela 35 urte jaio zen eta bere ibilbidea oso eskasa izan da, porrot egin du eta ez da bideragarria; 20 urte daramatza putzurik egin gabe eta jaio zenetik egin duen putzu nagusiena egin duen zulo ekonomikoa izan da”.

Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du SHESA enpresa publikoa dela %100ean eta urtez urte milioika euro galtzen ari dela. “Azken 10 urteotan Jaurlaritzak 150 milioi baino gehiago bideratu ditu hidrokarburoak bilatzera, baina gastu horri ez dio inolako errentagarritasunik atera. 2016an, esaterako, SHESAk 9 milioi baino gehiagoko zulo ekonomikoa egin zuen”.

Oterok adierazi duenez, SHESAk ez du zentzurik ez ekonomikoki, ez eta ikuspegi energetiko batetik ere, bere jarduna bat ez datorrelako trantsizio energetikoaren helburuekin: aldaketa klimatikoari aurre egitea, karbono gabetzea eta energia berriztagarriak sustatzea. “Helburuak horiek izanda, ez du zentzurik baliabide publikoak hidrokarburoak bilatzera bideratzea; diru publikoa trantsizio energetiko hori finantzatzeko erabili behar da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak