Torturaren inpunitateari STOP!

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 24a, 12:59

EH Bildutik salatzen dugu kondekorazioak mantentzen dituztela tortura kasu latzekin lotutako “gutxienez” ehun polizia inguruk

Polizien bahiketa, tortura eta hilketen senideen biktimekin batera egindako agerraldi batean, EH Bilduk salatu du giza eskubideen urraketa larriekin lotutako “gutxienez” ehun polizia inguruk jaso zituzten kondekorazioei eusten dietela gaur-gaurkoz. Informazio bilketa eta ikerketa mardul bat egin ondoren, koalizio subiranistak frogatutzat jo du tortura “praktika ohikoa” bilakatu dela denbora luzez, jardun arrunta, eta Espainiako Estatuak inpunitate osoz erantzun diola inplikatutako agente oro babestuz, “bai frankismo garaian eta baita ondorengo urteetan ere”.


Kondekorazioa, indultua eta goi karguetara mugitzea. Frogatutako torturekin zerikusia izan arren saria jaso duten ehun polizia horien kasuen aurrean, modu berean erantzun du beti Espainiako Estatuak: lanetik eta zeuzkan erantzukizunetatik baztertu ordez, zigorgabetasun osoa eskaintzea eta kargu hobeagoetara aldatzea izan da kolore politiko ezberdinetako gobernuen jardun nagusia azken urteotan. Horren isla dira EH Bilduren Kongresuko eledun Marian Beitialarrangoitiak aletu dituen torturatzaileen kasuak. “Hurbilpen hutsa baino ez dugu egin, inpunitateaz babestuta giza eskubideen urraketa ardatz izan duen jardun polizialaren errealitatearen zertzelada batzuk emateko asmoz”.


Luze da zerrenda Lasa eta Zabala, Gurutze Iantzi, Joxe Arregi, Jose Mari Larretxea, Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’ edota Mikel Zabalzaren kasuen erantzuleei erreparatuta: Billy el Niño, Jesus Muñecas, Felix Criado, Meliton Manzanas, Manuel Ballesteros, Jose Ramón Pindado, Francisco Alvarez Sanchez, Juan Antonio Gil Rubiales, Manuel Davo Soler, Jose Perez Navarrete, Angel Alba Coca, Julian Marín Ríos… Badira, halaber, behin baino gehiagotan indultatuak izan diren poliziak; Jose Dominguez Tuda da horren adibide. “1984an kondekoratu zuten Intxaurrondon, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik kondenatutako guztiekin batera, Tolosako bi gazteak bahitu eta hilabete gutxira”, gogoratu du Beitialarrangoitiak.

Sebastian Sotos Garcia, berriz, bost aldiz saritu du Estatuak, Jose Mari Larretxea Goñiren bahiketa saiakeran parte hartzea leporatuta. Gobernuburu guztiek saritu zuten gerora: Gonzalezek, Aznarrek, Zapaterok eta Rajoyk. GALekin lotutakoez gain, Jose Martinez Salas guardia zibila ere aurki dezakegu zerrenda horretan, Tuteran, Lemoizko zentralaren aurkako protesta batean, Gladys del Estal tiroz hil zuen polizia.


‘Billy el Niño’-rena ez da kasu bakarra


Beitialarrangoitiari, oro har, “albiste ona” iruditzen zaio ‘Billy el Niño’ bezalako poliziek izan duten inpunitate sarea zulatzen hasteko Espainiako Gobernuak erakutsi duen borondatea, baina uste du ez dela aski. “Bada honekin amaitzeko garaia, ez da nahikoa ‘Billy el Niño’-ri kondekorazioa kentzea, guztiei kendu behar zaie, baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu uste ‘ibilbide eredugarria izatea’ edo ‘aberriaren alde jardutea’ denik norbait torturatzea, bahitzea eta hiltzea jardun polizialean”. Hori dela eta, EH Bilduk Sanchezen gobernuari exijitu dio ken diezaiela kondekorazioa guztiei, Grande-Marlaska ministroak esan zuen moduan “ibilbide eredugarria” izan ez duten horiei. “Ehun kasu inguru behintzat badira, ziurrenik gehiago ere bai, beraz badu nondik hasi”, ohartarazi dio.
Are okerragoa da, horietako bati, Kepa Urraren torturatzaileari, Manuel Sanchez Corbi koronel ohiari, Espainiako Gobernuak berriki eman dion kondekorazioa. Sanchezen gobernuari zuzendu zaio Beitialarrangoitia diputatua, kezkatuta: “Ez dugu oso argi zein den Gobernuaren benetako asmoa, eta galdetzea derrigorrezkoa zaigu. Tortura ukatzeari, zigortutako torturatzaile apurrak indultatzeari eta goi karguetara iristeko bide emateari utziko al dio behingoz torturaren errealitatea aitortzen hasteko? Biktima guztiek merezi dute, egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak; gizarte osoak behar dugu etorkizuneko elkarbizitzak oinarri sendoak izan ditzan”.

Agerraldian parte hartu dute:
Axun Lasa (Joxean Lasaren arreba).
Maribi Arregi (Joxe Arregiren arreba).
Idoia Zabalza (Mikel Zabalzaren arreba).
Jon Etxabe (Torturatua).
Elixabete Nosellas (Jesus Muñecas-ek torturatua).
Mikel Arrizabalaga eta Josu Arrizabalaga (Jesus Muñecas-ek torturatuak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak