Oso larria eta kezkagarria da Urkullu eta EAJ PPren eskutik joatea Hezkuntzaren aldeko Akordioan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 22a, 23:11

Jaurlaritzaren egitasmoak ez du sektorearen babesa, gogorarazi du EH Bilduk, eta erretiratzea eskatu du, baina Lakuako gobernukideek PPrekin bat egin dute. Ezinbestekoa da prozesua berriro abiatzea sektorean adostasunak bilatzeko, Hezkuntza Lege berria onartzera heltzeraino.

EH Bilduk Hezkuntzaren aldeko Akordioa erretiratzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, akordio horren oinarriak aurkezteko Hezkuntza sailburuak Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Rebeka Uberak propagandatzat jo du Urkullu Gobernuaren proposamena eta gogora ekarri du sektoreko sindikatuak eta sare publikoko familiak (EHIGE) ere horren aurka agertu direla. Hala eta guztiz ere, EAJ-PSE gobernukideek aurrera jotzea erabaki dute eta PPren babesa bilatu dute horretarako, “herri ikuspegi batetik oso larria eta kezkagarria dena”, Uberaren irudiko, “hezkuntza gai estrategikoa delako edozein herriren garapen eta etorkizunerako”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak “itsu-itsuan aurrera egitea” egotzi dio Jaurlaritzari, “sektorean orokorra den oposizioaren gainetik, eta noren eta PPren eskutik, LOMCE inposatu zuen eta hezkuntza arloan ditugun eskumenak ere murriztu nahi dituen alderdiaren eskutik, alegia”. Erantsi duenez, “zer nolako hezkuntza sistema eraiki nahi du EAJk bere aliatua ikuspegi zentralizatzaile eta espainola inposatu nahi duen alderdi bat baldin bada?”.

Ubera Hezkuntzaren aldeko akordioa erretiratzearen alde agertu da, “prozesua berriro abian jartzeko, hasieratik, hezkuntza komunitateko eragile guztiekin batera Euskal Eskola Publikoaren legea bete den aztertzeko, hutsuneak identifikatzeko eta arloz arloko eztabaida eta negoziazio bati ekiteko, bai eta talde politikoekin ere, denona izango den hezkuntza sistema eraikitzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, prozesu horrek balio behar du euskal hezkuntza sistemari bestelako oinarriak, sendoak, jartzeko, indarrean dugun sistemak porrot egin duelako. “Ikasle guztien eskola arrakasta, aukera berdintasuna eta kohesio soziala lortu behar dugu eta, norabide horretan, prozesuak jo behar du eskuduntza esklusiboak garatuko dituen Euskal Hezkuntza Lege berria onartu eta egikaritzera”.

Izan ere, egungo sistemaren porrota bistakoa da hainbat arlotan: ikasleen segregazioa, ikastetxeen azpiegituretan dauden gabeziak, irakasle eta bestelako langileen egonkortasun laboral falta, jantokien kudeaketa eta kalitate eskasa, euskararen irakaskuntzak emandako datu txarrak, D ereduan barne, etab.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak