EH Bilduk lege bat proposatu du euskara ikastea doakoa izan dadin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 17a, 17:53

Legeak doakotasuna bermatuko luke bi hizkuntza ofizialen irakaskuntzan B2 maila lortu bitartean. Egungo legedian jasota dagoen eskubidea gauzatzea nahi dugu, besterik gabe.

EH Bilduk lege proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean euskara –eta gaztelania– ikastea doakoa izan dadin “B2 mailaren pareko jakintza lortu bitartean”. Rebeka Uberak azaldu duenez, “funtsean, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Legean jasota dagoena betetzea planteatzen dugu. Ez gehiago, baina ez gutxiago. Estatutuak eta Euskararen Legeak argi eta garbi diote herritar guztiok euskara jakiteko eskubidea dugula, eta Jaurlaritzak euskararen ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu behar dituela, baina gaur egun hori ez da hala gertatzen”. Bada, “legeak jasotzen dituen eskubide teorikoak praktikara eraman nahi ditugu proposatu dugun legearen bitartez, hizkuntza ofizialak ikasteko doakotasuna bermatzea, alegia”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du “derrigorrezko irakaskuntza-aldiak ez diela ikasle guztiei bermatzen euskaraz nahikotasunez aritzeko gaitasuna, eta helduen kasuan, inbertsio ekonomiko adierazgarria egin behar dutela Hizkuntza Eskola Ofizialetan edota euskaltegietan matrikulatzeko, eta diru-laguntzak egon badauden arren, eskasak eta guztiz ezberdinak izaten dira, udalerrien arabera aldatzen direlako. Praktikan, euskara ikasteak esfortzu ekonomiko handia eskatzen du, gehiegizkoa jende askorentzat, eta horrek ez luke hala izan beharko, Jaurlaritzaren obligazio legala delako euskara jakiteko eskubidea bermatzea, ikasketa prozesuaren kostu ekonomikoak sortzen dituen mugak ezabatuta”.

Helburu horrekin proposatu du EH Bilduk lege bat, euskara jakiteko eskubidea bermatzeko, argi utzita herritar guztiek euskara jakiteko eskubidea dutela, “inor diskriminatu gabe ez haren egoera ekonomikoagatik, ez bizi den udalerriaren arabera”. Hala, herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak doan ikasteko aukera izango lukete baldintza batekin: ikasketak hizkuntza eskola ofizialetan edo euskaltegi publiko edo homologatuetan egitea. “Horretarako behar den finantziazioa Jaurlaritzaren esku geratuko litzateke, HABEren bitartez, baina, nahi izanez gero, aldundiek eta udalek ere laguntza propioak emateko aukera izango lukete, barnetegietarako eta C1 edo C2 mailak lortzeko ikastaroetarako”, erantsi du Uberak.

Halaber, Hezkuntza Sistemari dagokionez, lege proposamenak dio ikasle guztiek B2 maila egiaztatu behar dutela DBH amaitzen dutenean, eta laguntza bereziak planteatzen ditu kanpotik iristen diren ikasleentzat, euskara zein gaztelania nahikotasunez jakitea lor dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak