Politika sozialetan zuzenketak egiteko proposamena helaraziko die EH Bilduk Jaurlaritza osatzen duten alderdiei

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 16a, 18:02

Alde batetik, pentsiodunen -eta batez ere alargunen- bizi baldintzak hobetzeko; eta beste alde batetik, enplegu politiketara bideratutako inbertsioa nabarmen handitzea, bi helburu nagusirekin: emakumeek pairatzen duten soldata arrakalarekin behingoz amaitzea eta gazteriari bideratutako kalitatezko enplegua sortzea, sektore horren langabezia-tasa Europakoa baino 10 puntu handiagoa delako.

Gaur astebete, EH Bilduren Mahai Politikoak erabaki zuen akordio politikoa eskaintzea Eusko Jaurlaritzari (eta bere osatzen duten alderdiei), abian den aurrekontuen inguruko eztabaidaren baitan. Akordiorako aukera egongo balitz, Jaurlaritzak 2019. urtean aurrekontuak edukitzeko bi abstentzio mahai gainean jartzeko bidea jarri zuen mahai gainean EH Bilduk, baldin eta aurrekontuetan hobekuntza nabarmenak jasoz gero. Alde batetik, pentsiodunen -eta batez ere alargunen- bizi baldintzak hobetzeko (abiapuntua gutxieneko pentsioetan hazkunde nabarmena egitea izango litzateke, 1.080 eurokoak izateko helburura iritsi bitartean); eta beste alde batetik, enplegu politiketara bideratutako inbertsioa nabarmen handitzea, bi helburu nagusirekin -baina ez bakarrak-: emakumeek pairatzen duten soldata arrakalarekin behingoz amaitzea eta gazteriari bideratutako kalitatezko enplegua sortzea, sektore horren langabezia-tasa Europakoa baino 10 puntu handiagoa delako.
Horrenbestez, EH Bilduk uste du hau ez dela aurrekontuen inguruko akordio bat. Akordio politikoa eraiki behar dela deritzo, kontu publikoak herritarren beharrizanetara egokitzeko eta ez gure herriko elite ekonomikoen beharretara.
EAEko politika sozialak eta ekonomikoak zuzentzeko akordioa da, zuzenketa horiek partzialak izango badira ere.
Politikak zuzentzea helburu duen akordioa posible izateaz gainera, premiazkoa dela uste du EH Bilduk eta EAJren eta PSEren borondate politikoaren baitan jarri du akordioa gauzatzea. Jaurlaritzak eta berau osatzen duten alderdiek beren politika sozialak zuzendu behar dituzte, azken hilabeteetan gure herrian milaka pertsona mobilizatu dituzten aldarrikapenei erantzun baikorra emateko.
Joan den ostegunean bildu zen Finantzen Euskal Kontseilua. Ogasun sailburua eta hiru diputatu nagusiak oso pozik irten ziren bileratik. Diru-bilketa (14.700 milioi euro) aurreikusitakoa baino hobea izan da, eta EAEko gobernuak diru-sarrera handiagoak izango ditu inbertitzeko. Datu horrek agerian uzten du proposatzen dugun akordioa gauzatzeko aukerak egon badaudela.
Aurtengo diru-bilketa eta hurrengo urterako aurreikusita dagoena aintzat hartuta (15.300 milioi euro ingurukoa izango da), defizit-muga kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak 700 milioi euro gehiago izango ditu aparteko gastuak egiteko (Estatuan onartuko den defizit-mugaren arabera, kopuru hori handiagoa izan daiteke).
Lehendakariak eta bere bozeramaile Erkoreka jaunak azken astean behin eta berriro esan dute aurrekontuen inguruko proposamenak zorrotzak izan behar direla eta testuinguru ekonomiko orokorrarekin bat etorri behar direla. Aldi berean, EH Bilduk lehentasunezkotzat jo dituen arloetan jada lanean daudela ere esan dute: gutxieneko pentsioak osatzea eta enplegu politikak indartzea, gazteengan eta emakumeengan arreta berezia jarriz.
Finantzen Euskal Kontseiluak ezarritako tarte ekonomikoa aintzat hartuta, zuzenketa ekonomikoa egiteko proposamena helaraziko die EH Bilduk Jaurlaritzari eta gobernu hori osatzen duten alderdiei, eta horretarako bilera eskaerak egingo dizkie alde guztiei.
EH Bilduk azpimarratu nahi du bere eskaintza bideragarria eta premiaz gauzatzekoa dela. Era berean, akordioa gauzatzea borondate politikoaren baitan dagoela uste du. Miseriazko pentsioekin bizi diren pertsonen (alargunak batez ere) bizi baldintzak hobetzea nahi edo nahi ez izatea edota enpleguaren alorrean gazteek eta emakumeek bizi duten egoera hobetu nahi izatea edo nahi ez izatea. Horren baitan dago akordioa lortzeko aukera.
Gure herrian gauzak hobera aldatzen hasteko aukera baten aurrean gaudela uste du EH Bilduk. Gure herriko gehiengo sozial eta langileriarentzat gauzak hobetzeko aukera egon badagoela uste du EH Bilduk.
Azken egunetan egindako adierazpenak kontuan izanda, EH Bilduk bi aukera baino ez ditu ikusten: aurtengo aurrekontuak luzatzen ditu Urkulluren gobernuak, EAJk PPrekin adostu zituen aurrekontuak luzatzen dira; edo EH Bildurekin adostutako zuzendutako aurrekontuak onartzen dira. EH Bildu jakitun da ez direla bere aurrekontuak izango, baina, aldi berean, jakitun da herritarren egunerokoa hobetzeko aukera baten aurrean gaudela.
Gure konpromiso politikoa eta etikoa da: herritarren bizi baldintzak hobetzeko aukera guztiak baliatuko ditu ezker subiranistak. Horretarako gaude politikan, eta horretarako konpromisoa daukagu herritarrekin. Eta konpromiso horretan ez dugu hutsik egingo.
Espainiako Gobernuko aurrekontuak
Bestalde, Espainiako Gobernuaren aurrekontuen aurrean EH Bilduk adierazi du “erantzukizunez eta egoerak eskatzen duen mailaz” jokatuko duela. Euskal Herriko ezker subiranistak uste du PSOEk eta Podemosek lotutako akordioak puntu interesgarriak dituela, baina motz geratzen dela herri honetako jendeak dituen behar sozialak asetzerako orduan. Era berean, azpimarratu du gobernu honen ezaugarria dela gauza asko agintzen dituela, baina gero ez dituela betetzen. Zentzu horretan, EH Bilduk jakin nahi du zer daukan marketinetik eta zer egitik adostutako aurrekontuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak