EH Bilduk jokorako adikzioaren arriskuaz ohartarazi eta kontrol neurriak proposatu ditu adingabeentzat

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 9a, 18:50

Makina-txanponjale eta apustu-makinetan tabakoa erosteko makinetan erabiltzen den sistema bera aplikatzea planteatu du Eba Blancok, adingabeen kontsumoa eragozteko. Jokorako adikzioari buruzko azterlana egitea eskatu du, eta horren arabera Adikzioen Plana aldatzea.

EH Bilduk legez besteko proposamen bi aurkeztu ditu Legebiltzarrean apustu eta jokorako adikzioaren arazoari behar bezala heltzeko, benetan kezkagarria delako joko eta kirol apustuen fenomenoak azken urteotan izan duen hazkundea, Eba Blancok ohartarazi duenez. Izan ere, Jaurlaritzak egiten duen Adikzioei buruzko Inkestaren arabera, kirol apustuetan jokatzen duen portzentajea zortzi aldiz altuagoa izan zen 2017an 2012an baino, eta gaur 10.500 pertsona arrisku egoeran daude, joko eta apustuekin duten harremana dela eta. Blancoren esanetan, “kopurua txikia da oraindik, egia da, baina kezkatzekoa da bost urtetan hainbeste igotzea”. Gainera, erantsi du, jokoaren inguruan dagoen pertzepzio soziala ez dator bat arazoak duen garrantziarekin. “Herritarren %54ak bakarrik uste du jokorako adikzioa arazo nahiko larria edo oso larria dela, eta gazteen artean portzentajea %49ra jaisten da”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “joko eta apustuen munduan sartzea gero eta errazagoa da, bai eta nerabe eta gazteentzat ere; horrek jokorako adikzioan erortzeko arriskua areagotzen du eta arazoak duen tamainaren araberako erantzuna eskatzen du instituzioen aldetik”.

Hori horrela, EH Bilduk neurri zehatzak proposatu ditu, fokua bereziki adingabeengan eta gazteengan ipinita, kirol apustuek eta on-line jokoek sekulako eragina dutelako haiengan. “Hor ate handi bat dago adikzio egoera batean sartzeko, eta prebentzioa ezinbestekoa da”. Zentzu horretan, EH Bilduk kontrol neurriak nahi ditu tabernetan hain ohikoak diren apustu-makinetan eta makina-txanponjaleetan. Blancok azaldu duenez, “tabakoa erosteko makinetan erabiltzen den sistema bera aplikatzea planteatzen dugu; hau da, zerbitzariek aktibatu ditzatela bezeroek eskatuz gero. Horrela bermatuko genuke adingabeek ez dutela makina horietan jokatzen”.

Bigarren proposamenari dagokionez, “Jaurlaritzari eskatzen diogu adikzioa sortzeko arriskua duten joko eta apustuei buruzko azterlan bat egin dezala sei hilabeteko epean. Lan horrek aztertu beharko luke jokoaren fenomenoak azken 10 urteotan izan duen bilakaera eta jendearengan, bereziki adingabeengan, duen eragina. Azterketa horren emaitzak ikusita, Lakuak neurri zuzentzaileak txertatu beharko lituzke Adikzioen Planean. Halaber, ikastetxe eta unibertsitateetan kontzientziazio kanpaina egitea ere eskatzen diogu, joko eta apustuen munduak dituen arriskuei buruz”. Horrek guztiak, azkenik, “Adikzioen Legearen garapena ekarri behar du, jokorako adikzioari behar bezalako erantzuna emateko”.

 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak