Legebiltzarrak, EH Bilduren ekimenez, legez besteko proposamena onartu du gaur aho batez indarkeria matxistaren aurkako protokoloak berrikusteko, emakumeen eta, izatekotan, haien seme-alaben segurtasuna bermatze aldera, eta erasotzaileen gaineko kontrol telematikoa hobetzeko eta areagotzeko. Zentzu horretan, Justizia Ministerioari “beharrezko lege erreforma guztiak” egin ditzala galdegin dio, “kontrol neurriak biktimarioei bakarrik aplikatzeko, biktimek beraiek hala eskatuz gero”. Legebiltzarrak behar-beharrezkotzat jo du feministen eta emakumeen elkarteek, eta bereziki indarkeria matxistaren biktima izan direnek, parte hartzea gaur adostutako neurriak gauzatzeko prozesuan zehar.
EH Bilduko legebiltzarkide Jone Goirizelaiak sustatutako akordioak erreparatzen dio, baita ere, epaitegien funtzionamenduari. Indarkeria matxistarako ofiziozko txandaren funtzionamenduari, zehazki. Hala, txanda horretan profesionalak izendatzeko erabiltzen den irizpidea berrikusteko eskatu dio Legebiltzarrak Lakuako Lan eta Justizia Sailari, eta gomendatu dio “izendapen bakarra egitea prozedura guztietarako”, indarkeria matxistaren biktimen defentsan gerta daitezkeen disfuntzioak saihesteko.
Goirizelaiak akordioaren garrantzia azpimarratu du, “emakumeei ezin diegulako esan erasoak salatzeko eta gero bakarrik utzi, inolako laguntzarik gabe aurrera egin dezaten; instituzioen inplikazioa ezinbestekoa da”. Horren haritik, Maguette Mbeugouren kasua gogora ekarri du. Senarrak pasa den astean hil zuen Bilbon, epaileek Maguetteren salaketak baztertu ostean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak Justiziaren akatsa aitortu zuen gero, baina, Goirizelaiak ohartarazi duenez, “ez da nahikoa Justiziak huts egin duela esatea; arazoa da Justiziak huts egiten duenean ondorioak oso larriak direla, horrelakoetan ez baitago atzera egiterik. Organo judizial batek emakume bati babesa ukatzen dionean, erasotzaileari zigorgabetasun egoera bat edo eskaintzen ari zaio”.