EH Bilduk Estatuaren biktimen legearen moldaketa kritikatu du biktimen arteko desoreka areagotuko duelako

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 4a, 14:09

Julen Arzuagak esan duenez, “argitzeke dauden ETAren atentatuak argitzeko ahaleginak egiten diren bitartean, Estatuaren biktimei bide hori ukatzen zaie, Estatu delitu larrien egileei zigorgabetasuna bermatzen zaie”.

Estatuaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legean Jaurlaritzak eta Gobernu espainolak adostu duten moldaketa –“orrazketa”– kritikatu du EH Bilduk Legebiltzarrean, “biktimen arteko desoreka areagotzea ekarriko duelako”, Julen Arzuagak salatu duenez. “ETAren biktimei errekonozimendu osoa ematen zaie; Estatu delituen biktima izan direnei, aldiz, errekonozimendu partziala, betiere baldintzatua, baino ez zaie ematen. EH Bilduk biktima guztien eskubide guztiak defendatu nahi ditu berdintasunean, haien artean kategoriak ezarri gabe”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Urkullu lehendakaria atzo Madrilen egon zela, ETAren amaiera irudikatzeko Frantziako eta Espainiako gobernuek antolatu zuten ekitaldian. Bada, bertan argitzeke dauden ETAren atentatuak argitzen ahaleginduko direla agindu zuten, baina gaur Jaurlaritzak Legebiltzarrera ekarri duen lege aldaketak kontrakoa egiten du argitu gabeko Estatu delituekin. “Delitu horien biktimei delituen preskripzioaz hitz egiten zaie eta egileei zigorgabetasuna bermatzen zaie, esaten zaie ez direla ardurak garbituko, ez dela ezer ikertuko”.

Horren haritik, Arzuagak esan du Estatuaren biktimen legearen irismena murrizteko Lakuak eta Madrilek adostu duten lege aldaketak berresten duela EH Bilduk legea onartu zenean egin zuen irakurketa. “Une hartan abstenitu ginen eta salatu genuen Estatuaren biktimei ez zaielako bide bat ematen Justizia lortzeko; gaur bistakoa da legea aldatzearen helburua poliziak, guardia zibilak eta ertzainak lasaitzea izan dela, biktimak erreparatzea baino. Kezka nagusia Estatu delituen egileen ohorea izan da, biktimen duintasuna baino”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak