Guraso eta udalen presioak bultzatuta, Jaurlaritzak atzera egin eta eskola garraioa eskainiko die 2 urteko ikasleei

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 2a, 12:18

EH Bildutik ontzat ematen dugu Hezkuntza Sailaren iritzi aldaketa, baina irizpideak zehazteko eskatuko diogu ostiraleko Kontrol Plenoan. Hezkuntza Saila nora ezean dabil eta eskola garraioarekin gertatu dena horren adibide da

EH Bilduk eskola garraio zerbitzuan aplikatuko dituen irizpideak zehazteko eskatuko dio Hezkuntza sailburuari ostiralean Legebiltzarrean, Kontroleko Osoko Bilkuran. Izan ere, ikasturtea hasi eta Hezkuntza Sailak garraio zerbitzua kendu zien bi urteko ikasleei, baina orain atzera egin du eta ikastetxeei jakinarazi die ez duela zerbitzu hori ematea eragotziko. Rebeka Uberaren ustez, “gurasoen erantzuna, euren haserrea, izan da Jaurlaritza atzera egitera behartu duena”. Horren ildotik, legebiltzarkideak gogora ekarri du “EH Bilduko alkateek familiekin bat egin eta garraio zerbitzua mantentzeko exijitu diotela Lakuari, zerbitzu hori kenduz gero, kontziliazioa ia ezinezkoa izango litzatekeelako lana duten gurasoentzat”. Uberaren iritziz, “Hezkuntza Sailak atzera egin behar izan du guraso eta udalen presioak bultzatuta, eta agerian utzi du berriz ere nora ezean dabilela”.

Duela 10 egun, EH Bilduk proposamena aurkeztu zuen Legebiltzarrean Jaurlaritzak 2 urteko ikasleei garraio zerbitzua eskaintzen segi zezan eta eskola garraioa arautzen duen dekretua berraztertu eta alda zezan, behar diren neurriak aplikatzeko. Izan ere, Uberaren esanetan, “2015eko dekretuak ez du balio, ez ditu ikastetxe eta familien beharrak asebetetzen eta murrizketak aplikatzeko tresna bilakatu da”.

Orain, Jaurlaritzaren iritzi aldaketa ontzat emanda ere, EH Bilduko legebiltzarkideak irizpideak argitzeko eskatuko dio ostiralean Hezkuntza sailburuari, ikastetxeei bidalitako komunikazioak ez duelako behar bezala zehazten zer nolako baldintzetan eskainiko zaien garraio zerbitzua bi urteko ikasleei. “Hezkuntza Sailak bere gain hartu behar du zerbitzu horren gaineko ardura osoa; onartezina litzateke erantzukizun hori ikastetxe eta familiengana desbideratzen saiatzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak