EH Bilduk Landa Garapenerako Plana aldatzea eskatu du insignis pinuen gaitzari aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko urr. 2a, 12:16

EH Bilduk ekimena hartu du Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan, bestelako basogintza politika bat behar delako. Pinuen gaitzaren arazoa aspaldikoa da, baina instituzioek ez dute neurririk hartu.

Insignis pinuen gaitzak duen garrantziaz jabeturik, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du gaur basogintza politikari buruzko eztabaida sakona egitea. Eva Lopez de Arroyabe legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “bestelako basogintza politika bat behar dugu, epe luzera iraunkorra izango dena”. Zentzu horretan, legez besteko proposamena erroldatu du Legebiltzarrean (Batzar Nagusietan ere mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk) Jaurlaritzari eskatzeko egoeraren diagnostikoa egin dezala aldundiekin batera eta, ondoren, diagnostiko horren araberako kudeaketa plana egin dezala. Halaber, Landa Garapenerako Plana aldatzeko ere galdegin dio Lakuari, “basogintzak dituen erronkei aurre egiteko aukera guztiak jasota”.

Gaurko agerraldian Lopez de Arroyabek alboan izan ditu Judit Garcia Gipuzkoako batzarkidea, Kike Fernandez de Pinedo Arabakoa eta Mikel Kormenzana Bizkaikoa, pinuen gaitzaren arazoa orokorra eta larria dela adierazteko. Izan ere, Jaurlaritzaren datu ofizialen arabera, gaitza pinudien %33,15eraino hedatu da jada (40.914 Ha.), baina eskualde batzuetan portzentajea askoz altuagoa da: %69,96 Donostialdean, %62,64 Tolosaldean eta %52,79 Urola Kostan, besteak beste.

EH Bilduren ordezkariek adierazi dutenez, “pinuen gaitzaren arazoa ez da berria, aldundiek argitaratutako txostenetan garbi ikusten da urteak direla insignis pinuaren egoera sanitarioa okerrera doala, baina instituzioen aldetik ez dira neurri eraginkorrak hartu gaixotasunaren hedapena eragozteko”. EH Bilduren iritziz, pinuen monolaborantzan oinarritutako eredua gaindituta dago eta, horren ordez, beste eredu batera jo behar da, zuhaitz autoktonoak landatuz eta baso-mozketa kontrolatuak eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak