EH Bilduk lege proposamena erroldatu du gaur ofizialki Legebiltzarrean jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko. Larraitz Ugartek eta Josu Estarronak adierazi dutenez, ekimen horren bitartez EH Bilduk tresna eraginkor bat eskaini nahi du ustelkeriaren aurkako borrokan, gaur egun arlo horretan baliabide falta oso nabaria delako. “Oso erraza litzateke salaketan geratzea gobernu edo alderdi bat desgastatzeko, baina guk gauzak benetan aldatu nahi ditugu; salaketatik harago joan nahi dugu, sakoneko neurri zuzentzaileak ipini nahi ditugu mahai gainean. Hala, ustelkariaren aurkako fiskaltza sortzea ere proposatu berri dugu, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa ikertzeko batzordea eratzeko eskaria ahaztu gabe”.
De Miguel, Marguello, Karrantzako Minda, Balentziaga, Gipuzkoako Ogasuna, Bidegi, Pinosolo… Zerrenda luzea ekarri du gogora Estarronak, auzi horiek guztiek erakutsi baitute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla oasi bat, hemengo instituzio eta administrazioak ere ustelkeriak zipriztinduta daudela eta, ondorioz, hemen ere “birsortze demokratikoa” beharrezkoa dela. “Ez dakigu kasu isolatuak diren ala izozmendiaren tontorra bakarrik ikusten ari garen, baina gizartean ezin da instalatu ustelkeria, tramak, entxufeak, klientelismoa, lagunkeria eta faborezko tratuak normalak diren ideia, diru-laguntzak, kontratuak edo lanpostu publikoak lortzerako orduan alderdi politiko zehatz batetik gertu egoteak abantaila ematen dizun ideia. Hori ez da normala eta ezin normaltzat hartu, higiene demokratikoa behar dugu”.
Birsortze demokratikoaren beharra abiapuntu, EH Bilduk jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa legez sortzea proposatu du. Larraitz Ugartek azaldu duenez, bulego horrek gaur egun ikerketa arloan dagoen gabeziari erantzungo lioke, “ustelkeriaren aurkako borrokan arazo nagusia ikerketa bururaino eramateko baliabide falta delako”. Ustelkeria kasuak behar bezala ikertu ahal izateko baliabideak eskaintzea da, hain justu, lege proposamenaren helburu nagusia.
Beste hiru xede ere aipatu ditu Ugartek: lehena, prebentzioa, ustelkeriari aurre egitea ezinezkoa den sentsazioa desagerrarazteko; bigarrena, diru publikoaren erabileraren gaineko kontrola eta ebaluazioa eta, hirugarrena, salatzaileen babesa, gaur jende askok ez dituelako ustelkeria kasuak salatzen horrek arazoak baino ekarriko ez dizkielakoan.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du ustelkeriaren aurkako bulegoak EAEko administrazio guztien gaineko kontrola egingo luke, Jaurlaritzatik azken udaleraino, eta administrazioekin harreman ekonomikoak dituzten enpresa eta pertsonei ere eragingo lieke. Kontrolatzetik eta ikertzetik harago, bide penala osatu eta ikerketa oztopatzeagatiko zigorrak ezartzeko eskumena izango luke, 90.000 euroko isunak gehien jota.
Ugartek EH Bilduren lege proposamena aurrera ateratzea espero du. Izan ere, “gure proposamenaren oinarria Nafarroan onartu den legea da, hilabete honetan bertan indarrean sartu dena, eta han adostasuna oso zabala izan da: inor ez da ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzearen kontra agertu eta UPN eta PP izan dira abstentziora jo duten bakarrak”.