Hondarribian Alarde parekidea jazarri eta zapuzteko saioak lotsagarri eta onartezinak izan ziren. Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratu, Berdintasun Legea betearazi behar du, EAJri deseroso egiten zaion arren.
EH Bilduk etsipen eta kezka handiz hartu du pasa den larunbatean Hondarribian jazotakoa. Emakumezkoek bertako jaietan berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubideak aurrera egin beharrean, Alarde parekidearen aurkako jarrerak gotortu egin dira, Jaizkibel konpainiaren desfilea jazarri eta zapuzteko saio erasokorrek agerian utzi zuten moduan. Hondarribian, Irunen bezalaxe, berdintasunerako eskubidea urratzen ari da urtero-urtero, eta hori larria bezain onartezina da, baina Jaurlaritza, hala ere, mutu dago; larunbataz geroztik ez du hitzik esan, Jaizkibel konpainiako emakumeek eta gizonek, eta babesa adieraztera joan zirenek, irainak, txistuak eta oihuak pairatu behar izan zituzten arren. Jaurlaritzarentzat, antza, batzuen eskubideak bigarren mailakoak dira eta ez dute haren babesa merezi.
EH Bilduren iritziz, Urkulluren Gobernuari arduraz jokatzeko eskatu behar zaio, eta horrek esan nahi du Hondarribian ere Berdintasun Legea betearazi eta bertako emakume guztien eskubideak bermatu behar dituela, hain justu, egiten ari ez dena. Horixe galdegingo diogu Legebiltzarrean, interpelazio baten bidez, haren pasibotasunarekin Jaurlaritza babesa ematen ari zaielako Hondarribian zein Irunen emakumeen berdintasunerako eskubidea urratzen dutenei, esplizituki hango alkateak, –EAJkoa Hondarribian, PSEkoa Irunen– egiten ari diren bezala.
Lehendakariari interpelatu ez ezik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia ere eskatu dugu, argitzeko zer neurri hartu edo hartuko dituen Alarde parekidea jazarri eta zapuzten saiatu zirenen aurka. Bertan ziren kazetari batzuek ere erasoak jasan zituzten, baina Ertzaintzak ez zuen inolako neurririk hartu. Berdintasun Legea eta Segurtasun Sailaren ebazpena bera betearazi beharrean, Ertzaintza erasotzaileen konplize bilakatu zen, eta horretaz ere azalpenak eman beharko ditu Beltran de Herediak.