EH Bilduk uste du beharrezkoa dela Kultur Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza sortzea, pertsona migratzaileei harrera egokia egiteko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko ira. 6a, 18:46

Gure herrira heltzen diren pertsona migratzaileei harrera egokia egiteko azken asteotan agerian geratu diren hutsuneen aurrean, EH Bilduk lanean jarraituko du, harrera hori baldintza egokietan egin ahal izateko. Proposatuko dituen lehen neurrien artean dago Kultur Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza sortzea.

Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian egindako agerraldian Jasone Agirre legebiltzarkideak adierazi duenez, “zuzendaritza hori izango da migraziorako politika horren liderra, koordinazio lana egingo duena, baliabideak eskuratu eta antolatuko duena, beste erakunde eta esparruetan egiten diren politikei koherentzia emango diena”.

Migrazio politika “sendoak” izatearen alde egin du Agirrek, gurera heltzen direnek behar duten harrera egokirako irizpideak markatu, koordinatuko dituena. “Esaterako, hezkuntzan, osasunean, enpleguan,… eta baita ere, euskal gizartean migratzaileen harrerarako kultura indartu behar da. Politika horrek, adibidez, ondo definitu beharko luke herri honek ez duela onartzen Irunen bezala pertsonak beroan kanporatzea”.

Baina hori horrela izateko, oraindik asko falta zaigula agertu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Uda honetan gertatutakoak agerian utzi ditu, beste behin ere, geure gizarte zerbitzuen sistemaren gabeziak. Erakundeak inprobisatzen ibili dira. Egunez egun espazioak bilatzen, irizpideak aldatzen,…orain 3 egun, gero 5… egon badagoenean lege argi bat, gizarte zerbitzuen legea, dagoeneko 10 urte badituena, eta oso ondo zehazten duena holakoetan ze zerbitzu eskaini behar den, harrera zelan egin, nork egin... Legea bete baino ez zuten”.

“Harrera integral, ordenatu eta kalitatezko bat eskaintzeko modu bakarra gizarte sistemaren barruan da”, azpimarratu du Agirrek. “Esaterako, legeak aurreikusten du haurdun, ume txikiekin, gaixorik edo halako egoeretan daudenei zer eskaini behar zaien. Zelatan geratu ziren kalegorrian emakumeak ume txikiekin Irunen? Berrizen zabalduko duten zentroa beteko ote du legeak markatutakoa? Eta gurean geratzea erabaki dutenekin zer gertatuko da?”.

“Oraingoz dakigunez”, gaineratu du, ONG batek egingo du kasuen balorazioa, legez gizarte zerbitzuek egin behar dutenean. Sare paralelo bat osatuko da horrela, eta gure ustez, sare bakarra behar da, eta publikoa”.

Joseba Gines EH Bilduko Kultur Aniztasuneko idazlariak, bere aldetik, azpimarratu du herritarrak izan direla instituzio publikoek pertsona migratzaileen harrerarako agerian utzi dituzten hutsuneak bete dituztenak. “Eskerrak emateaz gainera, zoriondu egin behar dira”, esan du. “Baina herri duin batek sistema publikotik eskaini behar du harrera, laguntza eta babes hori”.

 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak