Eredua aldatu gabe, Osakidetzak errepikatuko dituen azterketetan ez garbitasuna ez aukera berdintasuna ez daude bermaturik

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko abu. 1a, 22:28

EH Bilduk ohartarazi duenez, probak irregulartasunak ahalbidetu dituen sistema eta epaimahaiak aldatu gabe errepikatzeak ez ditu gutxieneko bermeak ematen. Lakuak lan eskaintza publikoaren auzia lehenbailehen eta muinera jo gabe itxi nahi duen susmoa du Rebeka Uberak.

Osakidetzak ebazpenak argitaratu ditu EAEko Buletin Ofizialean Lan Eskaintza Publikoan (LEP) bost azterketa errepikatzeko, Anestesian, Angiologian eta Kardiologian, hain zuzen ere. Hala ere, proba horiek errepikatzeak ez dakar irregulartasunak ahalbidetu dituen sisteman inolako aldaketarik egitea; are gehiago, epaimahaiak ere ez dira aldatuko, Osakidetzako zuzendari nagusiak esandakoaren arabera.

Hori horrela, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, “errepikatuko dituen bost azterketa horietan Osakidetzak ez ditu gutxieneko baldintzak bermatzen prozesuaren garbitasuna eta gardentasuna ziurtatzeko, ez du bermatzen izena eman duten pertsona guztiek aukera berdinak izango dituztela”. Uberaren esanetan, “epaimahaiak berberak badira, irregulartasunak ahalbidetu dituen eredu bera aplikatzen bada, ezer aldatzen ez bada, argi dago irregulartasunak berriz gertatzeko arriskua dagoela”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “Urkulluren Gobernua presaka dabil azterketak errepikatzeko, baina ez gertaturikoa argitzeko eta ardurak garbitzeko egiazko interesa duelako, baizik eta auzia lehenbailehen itxi nahi duelako, arazoaren muinera jo gabe, horrek Osakidetzaren Pertsonal arloko politika eta oposizioen eredua berraztertzea eta aldatzea eskatzen duelako. Horixe da benetako eztabaida, arazoaren mamia, eta, horri heltzeari ihes eginez, Jaurlaritza arazoa betikotzen ari da eta bizkarra ematen ari zaie LEPan, garbia izango zela pentsatuz, izena eman zuten milaka pertsonari”.

Uberak adierazi duenez, “azterketen errepikapenak balio beharko luke eredu berria jada aplikatzeko, meritu, gaitasun, objektibotasun eta aukera berdintasunaren printzipioen errespetua bermaturik”. Horretarako, proposatzen du azterketa bakarra, praktiko-teorikoa, egitea espezialitate bakoitzean, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak prestatuko lukeena. Halaber, UPV-EHUk azterketen balorazio psikometrikoa egingo luke euren izaera estandarra ziurtatzeko, guztietan irizpide eta zailtasun maila bera aplikatzen dela bermatzeko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak