Abiadura Handiko proiektuak gelditu eta egungo trenbide sarea modernizatzeko eskatu du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko uzt. 24a, 12:17

EH Bilduk AHTa zentzurik gabeko diru xahuketa erraldoia dela ohartarazi du. Salatu duenez, Jaurlaritzak datuak manipulatu ditu proiektua errentagarria izango den itxura emateko. EH Bilduk mozioa aurkeztuko du udaletxeetan eta gainerako instituzio guztietan.

EH Bilduk Hego Euskal Herrian martxan edo proiektaturik dauden Abiadura Handiko tren lineak gelditzeko eskatu du, bai eta egungo azpiegiturak modernizatzeko ere. Mikel Otero legebiltzarkideak, Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak, David Cobos Atxondokoak, Idoia Buruaga Elorriokoak eta Bernardo Kortabarria Antzuolakoak hala iragarri dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean. Azaldu dutenez, EH Bilduk mozioa aurkeztuko du helburu horrekin udaletxeetan eta gainerako instituzio guztietan, bakoitzak bere arloan neurriak har ditzala galdegiteko.

Abiadura Handiko proiektuak gelditzea ez ezik, haiei guztiei buruzko ikuskaritza independente bat egitea ere proposatuko du koalizioak, eta ponentzia bat sortzea planteatuko du Legebiltzarrean, tren azpiegituren egoera eta etorkizuna aztertzeko eta birpentsatzeko. Horri jarraituz, alkateek ohartarazi dute Abiadura Handiko Trenak, ingurune naturalak suntsitzeaz gain, ez dituela herrietako mugikortasun beharrak asebeteko, eta proiektu horren ordez, egungo azpiegiturak aprobetxatuko lituzkeen tren sozial eta publiko baten aldeko apustua egin dute.

Mikel Oterok gogora ekarri du Europako Kontu Auzitegiak Abiadura Handiko Sareaz argitaratutako txostena, argi eta garbi esaten duena ‘Euskal Y’-a bezalako proiektuetan interes politikoak gailendu zaizkiela herritarren interesei eta horren emaitza diru publikoaren xahuketa erraldoia dela. Besteak beste, Kontu Auzitegiak dio abiadura handiko linea batek 9 milioi bidaiari behar dituela urtero arrakastatsua izan dadin. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak “izugarrizko manipulazioa egitea” egotzi dio Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuari. Izan ere, pasa den astean Tapiak esan zuen ‘Euskal Y’-ak 8 milioi bidaiari izango dituela, proiektua errentagarria izango den itxura emateko, baina, halako kopuru altua eman ahal izateko, kalkulua manipulatu zuen. Oterok zehaztu duenez, Europan erabiltzen den metodologia normalizatua, Kontu Auzitegiak aplikatu duena, alegia, erabiliz gero, emaitza 2,65 milioikoa izango zen, ez Tapiak aipatutako 8 milioiak. “Manipulazio onartezina izan zen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak