Errefuxiatu eta migratzaileei harrera integral eta zaintza egokia ziurtatzeko baliabide, zerbitzu eta prestazio sare trinkoa eskatu du EH Bilduk Legebiltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko uzt. 17a, 22:15

Jasone Agirre: “Azken asteetan heldu diren migratzaileek euskal erakundeetatik jaso duten harrera inprobisatua, eskasa eta gaizki planifikatuta izan da”

Azken egunotan Euskal Herrira iritsitako migratzaile eta errefuxiatuek instituzioen aldetik jaso duten arreta eskasak kezkatuta, EH Bilduk Legez Besteko Proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean. Jasone Agirre legebiltzarkideak aurkeztutako ekimenak Jaurlaritzari eskatzen dio osatu dezala EAEra datozenei harrera integral eta zaintza egokia ziurtatzeko baliabide, zerbitzu eta prestazio sare trinko eta iraunkorra, lurralde osoan zehar orekaz hedatuta, beste erakundeekin eta arloan aritzen diren talde, elkarte eta antolakundeekin elkarlanean. Era berean, Gobernuari eskatzen dio beharrezko lidergoa, koordinazioa eta baliabideak bermatzeko, zuzendaritza berezitua sor dezala, migrazio eta aniztasunaren politika propioak garatu eta zeharkakotasuna ezarriko dituena.
Agirreren ustez, “zerbitzu edo protokoloen ikuspegitik ibilbide luzea egitea falta da oraindik. Azken asteetan gure lurraldera heldu diren migratzaileei egindako harrera inprobisatua, eskasa eta gaizki planifikatuta horren isla da, zenbait taldek, elkarte eta norbanakok erakutsitako konpromiso eredugarriak eta lan eskergak nolabait estali egin duena. Euskal Herria benetan harrera herri duina izatea nahi badugu, hitzetatik ekintzatara pasatzea ezinbestekoa da, eta, horretarako, erakunde publikoei eta, zehazki, Jaurlaritzari dagokio gaia lehentasunen artean kokatzea eta ardura berriak hartzea”.
Zentzu honetan, EH Bilduk aurkeztutako Legez Besteko Proposamenak “eskertzen eta babesten du hainbat taldek, elkartek eta norbanakok Euskal Herrira datozenei era antolatuan egiten dieten harrera eta zaintza lana – berez, neurri handi batean erakundeen esku izan behar dena-, gizarte bizi, heldu eta aldarrikatzaile baten isla egokia”.
Era berean, adierazten du “hainbat arrazoi tarteko jatorrizko herria utzi eta Euskal Herrira etortzen diren pertsona guztiak zaintzen dituen harrera herria izateko bere borondate eta konpromiso irmoa, eta hori lortzeko beharrezko ahaleginak eta bitartekoak eskuragarri jartzekoa ere”.

 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak