Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aldeko Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren diskurtsoa desmuntatu du gaur arratsaldean, eta agerian utzi du haren argudioak ez direla datu erreal eta objektiboetan oinarritzen, Europako Kontu Auzitegiak ere berriki adierazi bezala. Oteroren esanetan, erakunde horren txostena “porrot erraldoi baten kronika gordina da, diru publikoaren xahuketa erraldoia azaleratu du eta osoko zuzenketa egin dio Jaurlaritzak azken urteotan AHTari buruz esandako guztiari, argi utzi baitu engainu bat baino ez dela izan”. Tapia sailburuak azalpenak eman behar izan ditu gaur Legebiltzarrean, EH Bilduk hala eskatuta, eta ‘Euskal Y’-aren proiektua justifikatzen saiatu da errealitatetik kanpo dauden datuak erabilita. Mikel Oterok argi esan dio: “Gu guztiok engainatzen ari zarete, kontatzen ari zaiguna bluff handi bat baino ez da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Europako Kontu Auzitegiaren txostenak ohartarazi du abiadura handiko linea bat arrakastatsua izan dadin 9 milioi bidaiari behar dituela urtero, baina ‘Euskal Y’-aren kasuan, ADIFen arabera, ez da 4,8 milioira iritsiko. Horren haritik, Oterok Arantxa Tapiari gezurretan aritzea egotzi dio, gaur 8 milioiko kopurua eman duelako, nahiz eta zenbaki hori bat ez datorren benetako datuekin.
Oteroren irudiko, “horixe da Jaurlaritzaren estrategia etengabea AHTaren inguruan, errealitatean eta datu objektiboetan inolako oinarririk ez duten datuak ematea, alegia. Izan ere, aurreikusitako bidaiarien kopurua puztu egiten dute; ez dute esaten ez direla merkantziak garraiatuko; ezkutatzen dute obren aurrekontua hasieran esan zigutena baino bi bider garestiagoa izango dela; kostua 25 milioi kilometroko izango dela diote, baina, egia esan, 40 milioi izango dira; gehienezko abiadura 250 kilometro orduko izango dela diote, baina, Kontu Auzitegiaren arabera, 220 km/h izango da eta posiblea litzateke 200era iristea gaur egungo azpiegiturak berrituz gero. Eta ‘Euskal Y’-arekin irabaziko omen den denbora ere ez da lehiakorra izango auto partikularrarekin”.
Europako Kontu Auzitegiak EH Bilduren betiko tesia berretsi du eta orain, haren txostenaren ondorioa irakurrita, logikak dio bai ‘Euskal Y’-a, bai Nafarroarekiko lotura, bai Arabako Errioxa zeharka dezakeen linea gelditu behar direla.