EH Bilduk eredu berria proposatu du Osakidetzaren lan eskaintzetan garbitasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2018ko uzt. 17a, 03:14

Rebeka Uberak pertsonal politika berri baterako oinarriak aurkeztu ditu: azterketa bakarra, Administrazio Publikoaren Institutuak egina, merituei garrantzi handiagoa ematea eta lege berri bat, administrazio publikoen oposizio guztietan bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarriko dituena.

“Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan atzemandako irregulartasunak ez dira kasu puntual bat; arazoa estrukturala da, sistemarena, urteetan Osakidetzan vox populi izan omen dena. Baina oraingoan azaleratu da eta hori probestu beharko genuke Osakidetzan bestelako giza baliabideetako politika ezartzeko, oposizioetan aldaketak egiteko, garbitasuna, gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatze aldera. Ezinbestekoa da Osakidetzan lan eskaintzen eredua eta giza baliabideetako politika aldatzea, orain gertatu dena berriro errepikatu ez dadin. Noski, lehenik eta behin ezinbestekoa da atzemandako irregulartasunak ikertzea eta argitzea, eta beharrezkoa izatekotan, ardurak zehaztea ere; baina haratago ez baldin bagoaz, arazoaren muinera ez bagoaz, arazoa berriro azalaraziko da hurrengo lan eskaintzetan”.

Ildo horri jarraituz, Rebeka Uberak oposizioen eredu berri baterako oinarriak aurkeztu ditu gaur, Osakidetzan pertsonal politika berria garatzeko. “Lehenik eta behin, azterketa estandarra eta bakarra espezialitate bakoitzean, atal teoriko eta praktikoarekin eta irizpide berberak aplikatuta”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak prestatu beharko lituzke azterketak, espezialitate bakoitzeko adituak kontrataturik”. Gainera, “azterketen prestakuntzan parte hartzen duten kideen datu guztiak Arartekoaren eskuetan geratuko lirateke, irregulartasun zantzuen balizko salaketen aurrean prebentzio gisa”. EH Bilduren proposamenaren arabera, azterketen balorazio psikometrikoa egiteko ardura bere gain hartuko luke Euskal Herriko Unibertsitateak, azterketen izaera estandarra, ezarritako irizpideak eta zailtasun maila bermatzeko.

Uberak azpimarratu du, baita ere, “hautaketa prozesu osoan azterketak ezin duela izan gaur duen pisua”. Horren ordez, “merituei eta prestakuntza ibilbideari garrantzi handiagoa eman behar zaie, egoiliar etapako prestakuntza ere kontuan hartuta, adibidez”.

Oposizioak Lan Eskaintza Publiko bakarrean batzea ere proposatu du EH Bilduk. “Osakidetzak pertsonal arloan dituen beharrak lau urtetako zikloetan aurreikusi behar ditu, oposizioak ezin dira urtero egin, horrek dakarren guztiarekin. Baliabideak optimizatu behar dira, ekonomikoak zein esfortzu pertsonalekoak, eta ezin ahaztu oposizioak batzeak aldaketak eta hobekuntzak eskatuko dituela lan zerrenden kudeaketan, Osakidetzarako sarbidean, leku-aldatze lehiaketetan eta kontratazio politikan”.

Azkenik, “irizpide berri horiei babes legala eman behar zaie; lege berri bat behar da oinarrizko irizpideak zehazteko, Bizkaia, Araba, Gipuzkoako Administrazio Publikoen oposizio guztietan bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarriko dituena, objektibotasun, gardentasun eta aukera berdintasunaren funtsezko printzipioak bermatzeko”.

Uberaren iritziz, “ereduan aldaketa horiek guztiak txertatzeak gaur ikertzen ari diren irregulartasunei amaiera ematea ekarriko luke”. Horren haritik, errepikatzeko asmoa dituen azterketetan irizpide berri horiek aplikatzeko eskatu dio Osakidetzari, eta ez du baztertu “azterketa gehiago errepikatu behar izatea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak