Mikel Oterok eta Larraitz Ugartek agerraldia egin dute gaur Legebiltzarrean, Europako Kontu Auzitegiak Abiadura Handiko Trenari buruz egindako txostenaren ostean Jaurlaritzaren inbertsio publiko nagusia “hankaz gora” geratu delako eta, txostenak dioena ikusita, ezinbestekoa delako proiektua birpentsatzea. Ugarteren hitzetan, Europako Kontu Auzitegiak osoko emendakina egin dio Lakuari. “Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua txostenaren edukia gutxiesten edo desitxuratzen saiatu den arren, Kontu Auzitegiak agerian utzi du Jaurlaritzak azken urteotan AHTari buruz esandako guztia engainu handia baino ez dela izan”.
Hori horrela, egoera hain larria izanik, premiazkoa eta ezinbestekoa da Tapiak azalpenak ematea Legebiltzarrean, bertan argitu dezan Jaurlaritzak Europak dioenari erreparatuko dion eta ‘Euskal Y’-a behingoz geldituko duen ala begiak itxi eta, itsu-itsuan, akatsean tematuko den. Izan ere, aipatutako “txostena jauzi kualitatiboa da AHTari buruzko eztabaidan, orain Europako Kontu Auzitegia bera delako proiektu hori ezbaian jartzen duena”. Ugarteren ustez, salbuespeneko egoera batek ez-ohiko neurriak eskatzen ditu; hortaz, EH Bilduk, Podemosekin batera, uztaila habilitatzea eskatu du Parlamentuan, Tapiaren azalpenak lehenbailehen ezagutzea behar-beharrezkoa dela iritzita. Auzitegiaren txostena irakurrita, logikak dio bai ‘Euskal Y’-a, bai Nafarroarekiko lotura, bai Arabako Errioxa zeharka dezakeen linea gelditu behar direla.
Ildo horri jarraituz, Mikel Oterok azpimarratu du Europako Kontu Auzitegiak EH Bilduren betiko tesia berretsi duela, abiadura handiko proiektua zentzurik gabeko diru xahuketa dela. Zehazki, txostenak argi uzten du ‘Euskal Y’-a ustez txertatuta dagoen ardatz atlantikoa ez dela burutuko, Gobernu frantsesak erabaki duelako Bordele-Hendaia tartea ez egitea. Halaber, Kontu Auzitegiaren arabera, AHTaren benetako kostua 7.000 milioi euro ingurukoa izango da, Lakuak esandakoa baino milaka milioi gehiago. Eta azkenik, ohartarazten du abiadura handiko linea batek 9 milioi erabiltzaile urteko izan behar dituela arrakastatsua eta errentagarria izateko; ‘Euskal Y’-aren kasuan, ordea, Gasteiz eta Madrilgo gobernuen kalkulu interesatuen arabera, erabiltzaile kopurua 4,8 milioi bakarrik izango lirateke.